
Donostiako Ayo Silver! zigiluak antolatutako Lurrazpiko Festaren bigarren edizioa otsailaren 7 eta 8an izango da. Bertan estatuko nahiz kanpoko lurrazpiko doinu potenteenak bilduko dira.
Edizio honetako kartelak 13 artista bilduko ditu, eta euren arteko protagonista nagusiak Los Punsetes izango dira, izan ere disko berria grabatu aurretik azken kontzertua emango dute.
Kartela honakoek osatuko dute: Mark Sultan eta BBQ kanadiarraren garage-soula; The Limiñanas frantziarren yeyé psikodelia; lurrazpiko mito diren Bananas taldea; Fasenuova asturiarren elektronika; Bartzelonako Mujeres taldearen zuzeneko dibertsioa; Juventud Juché madrildarren post-punk amorratua; Los Claveles madrildar harrigarrien itzulera; The Garden kaliforniarren bitxikeria bikaina; eta Euskal Herritik Katza, Gasteizko Viva Bazooka eta Banda Crucero donostiarren eta Las Sfintters hondarribiarren musika.
Edizio honetan jaialdiak bi egun izango ditu eta hiriko hiru aretotara hedatuko da: Gazteszena, festa nagusia gauzatuko den gunea, 8an, Doka aretoa, aurkezpen festarako 7an (kartelaren hiru talderekin) eta Le Bukowski, 8an, merendola kontzertu izango duena.
Informazio osoa Ayosilver.com-en aurkituko duzue.