
Gaur eta bihar, azaroak 23 eta 24, Xare, euskal kultura digitalaren azoka egingo da Donostiako Kursaalean. “XARE euskararen erabilera informazioaren teknologia berrietan (IKT) sustatu nahi duen egitasmoa da. Eta horren bidez euskal kultura digitala suspertu”.
Horretarako, egitarau oparoa ondu dute antolatzaileek bi jardunaldietan, hala nola, mahai-inguruak eta hitzaldiak, multimedia instalazioak, E-gitasmoak, robot erakustaldiak eta ikus-entzunezkoak. Azken atal horren baitan Nontzeberri webgunean urtero antolatu ohi dugun Nontzefilmak film laburren lehiaketan jasotako euskarazko lanen erakustaldia ikusi ahalko da gaur, 18:00etan.
Gaurko ekitaldiei dagokienez, Erresuma Batuko PIAS diskoetxeko Geoff Muncey-k Iraultza digitalak musikagintzan eragindako lurrikara eta irekitako bide berriak gaia jorratuko du. Arrasateko EMUN enpresako Txerra Rodriguezek Sarean, enpresek zelan jokatu beharko lukete hizkuntzekin? izango du hizpide. Horretaz gain, Internet bidezko erosketa molde berriak gaiaren inguruan ere arituko dira Deskontu.com webguneko Txomin Jauregi eta Joxean Zubiaurre.
Bihar ere mahai-inguru eta berbaldi interesgarriak izango dira. Hala, Maite Goni (Euskaljakintza) eta Gorka Julio Hurtado (Talaios) Euskararen erronkak IKTetan gaia landuko dute Patxi Gaztelumendiren laguntzarekin. Halaber,
Gorka Bereziartua (Argia), Agurtzane Gomez (Gaztezulo), Joxe Rojas (Tokikom) eta Pello Urzelai (Berria) kazetariek Euskal Komunikabideak. Negozio formulak Interneten gaia izango dute aztergai.
Aipatutako hitzorduez gain, multimedia instalazioen baitan Rectable izeneko instrumentu elektronikoa izango da. E-gitasmoak atalaren barruan, berriz, Elhuyar enpresak Berbatek proiektua aurkeztuko du; ahots- eta multimedia-teknologien inguruko lana da. Ikus-entzunezkoei dagokienez, lehen aipaturiko Nontzefilmak emanaldiaz gain, Gaztezulo III. Bideo Lehiaketa ere izango da, bai eta Brett Taylor ziberaktibistak 2008an zuzenduriko RIP! A Remix Manifesto dokumentala ere.
Ikastaroek eta tailerrek ere euren txokoa izango dute. Esate baterako, Makalak Soinu edizio eta DJ digitala izeneko ikastaroa zuzenduko du, eta VJ Txo!?-k bideo jartzaileak Bideo jartzaile oinarrizko ikastaroa emango du.
Zuzeneko musika entzuteko aukera ere izango da, besteak beste, irungo Jupiter Jon eta Bad Sound System taldeak, eta Berlingo ILLBiLLy HiTEC. Alemaniarrek reggae, dubstep, elektro eta breakbeat zertzeladekin josiriko reggae elektronikoa egiten dute.
Egitarauren gaineko xehetasun guztiak (ordutegiak, lekuak, eta besteloak) jakin nahi izanez gero: www.xare.eu