
Gaur abiatuko da Loraldia Festibala eta lehen egun honetan bertsolaritza eta musika izango dira protagonista.
Bira Kulturan, Ane Labakak eta Ines Osinagak Hezur Berriak ikusgarria egingo dute. Saio honetan Ane Labakaren lehen poema liburuaren testu hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira. Musika Ines Osinagak jarriko du eta bertsolariak Ainhoa Agirreazaldegi, Maialen Akizu eta Miren Amuriza izango dira.
Bertsoak ere protagonistak izango dira bigarren egunean. Bihar, hilak 10, Kafe Antzokian, zazpi sortzaile arituko dira eszenan, eta publikoak bertsoa eta elektronika elkar elikatzen ikusteko aukera izango du, unean bertan sortutako doinuekin eta bertsoekin. 1TZ4L1 3T4 P1ZTU Ikuskizunaren muina ez da “musika jarri eta bertsoak bota”: bi aldeek elkarri erantzun behar diote, unean-unean: musikariek bertsolarien tonu, erritmo, denbora eta melodia propioetara moldatu behar dute zuzenean; eta bertsolariek, aldi berean, oinarri musikal horren gainean sortu behar dituzte bat-batekoak.
Oholtza gainean Manex Pagola eta Aner Peritz musikariak, Nerea Ibarzabal, Haira Aizpurua, Oihana Bartra eta Ekain Alegre bertsolariak eta Idoia Anzorandia gai-jartzailea bilduko dira.



