MUSIKA

Gabonetan hitzordu musikal interesgarriak

Gabonetan makina bat kontzertu izango dira han eta hemen. Hala, gaur bertan, abenduak 21, Bizardunak banda nafarra Bilboko Kafe Antzokian izango da Ur Ederra Kirats Infinituan izenburuko lan berria aurkezten San Tomasekin bat eginda. Horretaz gainera, gaur Anai Arrebak talde gipuzkoarra bere estreinako lana aurkezten izango da Gasteizko Gora tabernan.

Bihar, abenduak 22, Donostiako Le Bukowski tabernan Nuevo Catecismo Catolico punk rock talde donostiarrak joko du taldearen 20. urteurrena ospatzeko 2011n egin duten birari amaiera emateko. Egun horretan izango dira beste kontzertu interesgarri batzuk ere: Ruper Ordorika Bilboko Kafe Antzokian; Sex Museum eta Los Espirituosos Gasteizko Helldoradon, eta Zea Mays eta MobyDick Durangoko Plateruenan. Zea Maysek Era disko arrakastatsuaren harira egingo duen azken kontzertua izango da, izan ere, kontzertua AmaiEra izenburupean iragarri dute.

Egun horretan aintzat hartu beharreko beste emanaldi bat, Snuff hardcore talde ingelesak Altsasuko gaztetxean egingo duen kontzertua da. Ingelesekin batera, Leihotikan nafarrak izango dira.

Hurrengo asteburuan ere zita sorta ederra izango da. Hala, abenduaren 28an, Bilboko Santana 27 aretoan Kiko Venenok joko du, eta Kafe Antzokian M-Clan taldeak. Bermeoko Kafe Antzokian, berria, El Columpio Asesino izango da.

Abenduaren 28ari dagokionez, Maika Makovski Arrasateko Amaia Antzokian izango da. Egun berean, halaber, Hatortxu Rock hasiko da Atarrabian: Doctor Deseo, DSK-Deskontrol, Canteca de Macao, Habeas Corpus…

Bilboko Kafe Antzokian, gainera, bi kontzertu berezi izango dira abenduaren 29an eta 31an: lehenengoan, We Are Standard bandak The Clashen kantuak moldatuko ditu, eta bigarrenean berriz, Capsulak Bowieren Ziggy Stardust diskoa joko du.

Abenduaren 29an, halaber, Markina Shots! Rock n Roll Festival 2012 egingo da, Screaming Targets, Sonic Trash eta Jupiter Jon taldeekin. Azken horiek, gainera, 2013ko urtarrilaren 5ean Gernikako Astra eraikinean estreinakoz egingo den Kafea eta Galletak proiektuan parte hartuko dute Lisabörekin batera, Jason Noble musikariaren egingo dioten omenaldiaren baitan.

Data gehiagoren berri izan nahi izanez gero: musikazuzenean.com eta bilbaorockcity.com webguneetan begiratu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button