LITERATURA

Literatura mutanteak edota hizkien hibridazioak

Bilboko Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola Sailak Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak zikloaren bigarren edizioa ondu dute. Bost ekitaldi bilduko dituen ekimena literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardazten da.

Joan den urtean, 2020an, lehen aldiz egin zen eta pandemiaren egoerak dena zaildu bazuen ere, egitarauak oso harrera ona izan zuen kulturzaleen artean. Emaitza pozgarriaren hauspoarekin irailetik abendura bitartean bigarren edizioa egingo dute Bilboko Euskararen Etxean.

Aurtengo protagonistak Ibon RG eta Anari musikariak, Mirande musika-egitasmoa, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Danele Sarriugarte idazlea eta Onintza Enbeita eta Miren Artetxe bertsolariak izango dira, besteak beste.

Irailaren 23an izango da lehen zita literatura mutantearekin oMorruMU baMat izeneko saioaren bidez. Joxan Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean hasi ziren IbonRG eta Enrike Hurtado musikariak, ohiko dituzten lanabesekin lanean. Ibonek Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrikek berak sortutako software esperimentalekin uztartu ziren. Egun horretan emaitza ikusgarria.

Urriaren 7an, Uxue Alberdiren Dendaostekoak azken lan literarioan oinarritutako bertso-saio literarioa egingo dute Uxuek berak eta Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariek. Aitor Nova saxofonistaren doinuak ere bertan entzungo dira.

Urriaren 29an, Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldea bilduko dira Miranderen figura gogorarazteko. Pieza Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa da.

Azaroaren 11n, Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria (bertsolariak), eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo bilduko dira zientzia fikziozko bertso saio bat inprobisatzeko.

Eta azkenik, abenduaren 17an, Anariren Habiak diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa abiatuko da. Bertan, Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button