IKUS-ENTZUN

“Dardara” filma, Murgian ikusgai

Gasteizeko Florida zinemekin elkarlanean antolaturiko Zinez programak euskarazko lanak haizatu nahi ditu, euskal kultura sustatzeko, proiekzio eta solasaldi formatu baten bidez.

Udazkenean ziklo abiatu zen Gasteizen, hiru film eta hiru gonbidaturekin. Eta Arabako herrietan ere bi pase eskainiko dira. Hain zuzen ere, Berri Txarrak taldeari buruzko Dardara dokumentala ikusteko aukera izango da, abenduaren 1ean, Murgian. Marina Lameirok zuzendutako lana da Dardara, eta zuzendaria lanari buruz solasean aritzera joango da herri horretara.

Film horretan, argazki eder batez horniturik, Berri Txarrak rock taldeak hartutako erabakiaren gaineko hausnarketa dator. Taldeak 25 urteko ibilbide nekaezinaren ondoren gelditzea erabaki du. Baina dena utzi baino lehen, agur gisa, azken bira bat egiten du mundu erdian, denbora horretan bere musikarekin bizi izan diren zale horiei guztiei eskerrak emateko.
Bertan grabaturiko irudi zoragarri asko agertuko dira, eta zale askoren testigantzak, emozioak, negarrak, iritziak, sentipenak,… Marina Lameiro zinemagilea haiekin joan zen dena erregistratzeko asmoz, eta “erretratu koral bat egingo du, bere lurraldetik Mexikora, Alemaniara, Japoniara eta AEBetara doazen istorio desberdinetatik abiatuta, guztiak ere pasio komun batek markatuta: Berri Txarrak taldearen musikak.”

Musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau, hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrakek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button