Atsekabe Zaitut (Txalaparta) gaur goizean aurkeztu dute Bilbon eta bertan idazleaz gain, Iratz Inziarte ilustratzailea eta Mikel Soto editorea izan dira. Hirurak ala hirurak pozik agertu dira emaitzarekin. Liburu "berezia, ezberdin" egiten saiatu direla adierazi du Sotok, eta liburua bera "objektu ederra" dela gaineratu du.
Iratzek askatasun osoz egin duela lan esan du. Istorioa Bilboko alderik ilunean gertatzen da eta ilustratzaileak Bizkaiko hiriburuko toki ezagunak marraztu ditu, trazu oso markatuekin eta beltz ugari erabiliz. "Pena Bilbokoa ez izatea", esan du Inziarte Bilbo hobeto islatzeko. "Ez da nabaritzen", erantzun dio idazleak marrazkilariaren lana goraipatuz.
Jarraian Iratik Jimenezek liburuaren edukiari heldu dio. Kontakizunak emozioez, "muturreko emozioez" hitz egiten du, baina "fantasiaz mozorrotuta". Liburuak, izan ere, bere burua inguruan aurkitzen ez duen pertsona atsekabetu baten nondik norakoak kontatzen ditu. Aldaketak bizi ditu, eta aldaketa horien aurrean beldur da. Protagonista, gainera, emakume eta katua da, aipaturiko tonu fantastikoari lotuta. "Batzuetan aldatu egiten zara kanpotik eragindako zerbaitegatik, behartuta, beste batzuetan nahigabe, nerabezarotik heldutasunera… eta hor beldurra dago, maite dituzunak galduko ez dituzun, M liburuko protagonista, beldur da laguna galduko ote duen", azaldu du Jimenez.
Estiloari dagokionez, Nora ez dakizun hori lanekoaren antzekoa dela esan du, baina intentsuagoa, "intentsitatea mantentzeko aukera gehiago dago kontakizun labur batean". Hala ere, liburu hau lotuta dago Nora-ri. idazlan hori idazten zegoela egoera gorabeheratsua bizi izan zuen idazleak eta kinka horretatik sortu zen Atsekabe Zaitut. "Bukaera bat zela sentitzen nuen, bizitzaren aro baten azken hitzak, eta hortik zerbait berria hasiko zela".
Eta azkenik, aipatu du zirrara handia sentitu duela jaso eta ikusi duenean: "Hunkitu egin naiz, erraza da oparitzeko, besteekin ez zait horrela gertatu, objektu polita da". Arrazoia du idazleak, Atsekabe Zaitut bezalako gutizia esku artean izatea, bere irudi eta letrekin, plazer hutsa da.
Nontzeberri



