LITERATURA

Literatura beltza sustatzeko “(H)Ilbeltza Beka”

Baztango Udalak (H)Ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza ere euskaratzeko asmoz, Hilbeltza Beka deialdia egin du. 6.000 euro erabiliko dira beka honetarako, eta lanak ekainaren 23a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dira, jatorrizkoak eta euskaraz idaztiak. Egileak honakoak ere aurkeztu beharko ditu: landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa; idazlanaren lagina edo erakusgarria, 30.000 karaktere ingurukoa; eta Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

Aurkeztutako lanak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko du. Bertan Udalaren ordezkaria (Joseba Otondo), Txalaparta argitaletxearen ordezkaria (Mikel Soto) eta (H)ilbeltza taldearen ordezkaria (Amagoia Iban) izango dira epaimahaiburu.

Laguntzaren jasotzaileak liburua buruturik Euskal Nobela Beltzaren Astearen  barnean egiten den Idazleekin Solasean ekimenean parte hartuko du. Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du idazlana.

Gaurtik aurrera Baztango udaletxearen webgunean sariketaren oinarriak argitaratuko dira eta nobela edo ipuin beltzen proiektuak postaz edo bertatik bertara udaleko erregistroan aurkeztu ahal izango dira ekainaren 23a bitartean. Ondoren, irailaren 15a aurretik erabakiko dute zein proiektu saritu eta, hortik aurrera irabazleak urte bete izango du lana burutzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button