
Gaur berton, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkartearen lehendakariak, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Sustapen eragileak eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiaren euskara zuzendariak udagoienean garatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute Bilboko Kafe Antzokian. Gainera, gaur arratsaldean, Bilboko Hika Ateneoan, Txapelketaren hasiera jaia egingo dute, 19:00etan.
Bertsolarien bertsokera garatzeko aukerak eta plazak emateko asmoz antolatzen da txapelketa, bai eta euskal kulturgintzari ekarpena egiteko, eta bertsolaritza bere azaleratzeko ere. Eta aurten ez da gutxiagorako izango.
Horrexegatik, Udaberriko Fasea (2016ko apirilean abiatu zen) amaituta eta udako atsedenaren ostean, berriz dator Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Fase horretatik sailkatutako 25 bertsolariek eta Bizkaiko Txapelketaren finalean inoiz kantatu duten bertsolariek (Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza eta Peio Ormazabal) osatuko dituzte kanporaketarako saioak. Guztira bost saio izango dira Mungian (urriaren 15ean), Sestaon (22an), Igorren (23an), Leioan (29an) eta Zaldibarren (azaroaren 5ean)
Horiek behin amaituta, kanporaketetatik sailkatutako bertsolariak arituko dira, eta horiei, 2014an finalista izan zirenak (Etxahun Lekue, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia) batuko zaizkie.
Saio guztiak arratsaldeko 17:30ean izango dira, Bilboko finala izan ezik, horixe 17:00etan izango baita.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren gaineko informazioa jarraitzeko, begiratu hemen.