
Gaur goizean, Pamiela argitaletxeak liburu berri biren aurkezpenak egin ditu Bilbon eta Donostian.
Bilbon, Jon Kortazar irakaslearen Esteban Urkiaga, Lauaxeta. Poesia, artea, ideologia izeneko lana aurkeztu da. Jon Kortazarrek berak eman ditu lanaren nondik norakoak: “Liburu honetan bildu ditut azken urteotan Lauaxetari buruz idatzi ditudan artikuluak. Batzuk argitaratuak izan dira toki eta hizkuntza desberdinetan; beste batzuk, aldiz, oraindik ez dute plaza ikusi. Sail bi ditu liburuak. Lehen ataleko hiru kapituluetan landu ditut izenburuan diren hiru gai nagusiak: Lauaxetaren poesia artearekin eta ideologiarekin lotzen saiatu naiz. Jesus Guridiren zarzuelarekin eta Ortega y Gasseten eta Unamunoren pentsamenduarekin erkatu da euskal poetaren emaitza.
Bigarren atalean gizarteak Lauaxetaren bizitzaz eta lanaz egin duen harrera aztertu dut santu kulturalen teoriari jarraikiz. Horrela bere bizitzaren irudia, Mungiako Udalak 2005ean eginiko omenaldia eta bere liburuek kaleetan duten agerpena aztertu ditut, gaur egun poetak gizartean duen itzala marrazteko asmoz. Liburua Lauaxetaren irudi ezezagunekin eta garaiko argazkiekin horniturik dago”.
Beste aldetik, Donostian, Kepa Altonaga egileak Patrizioak eta plebeioak. Gure prosaren emergentzian liburuaren aurkezpena egin du.
Egileak sei unetan oinarritu du lana, eta berak dioen moduan, “kronologia horretan arrabisitatu eta kuestionatuko dira hala Sarako eskolaren loraldiak bizi izandako debaklea, nola Peñaflorida kondearen eta ilustratuen ekarpen nulua; hala Mogeldarren euskararekiko planteamendu zeharo subsidiarioa Basarteko Unibertsitatean, nola The Oña Connection izenda dezakeguna, azken hiru kapituluetan. Axularrek eta gure klasikoek, orok, prosa europar homologagarriaren uberan bideratu zuten euskararen tradizio idatzia, baina diglosiaren pipiak joko du espazio trinko hori, eta ia ez da euskarazko libururik idatziko, soilik gutxi batzuk eta ezinbestean, euskara besterik ez dakiten behe-mailako euskaldunentzat. Euskal Pizkundearen urteetan, Oñako akademikoek euskarari hizkuntza kultuen liga berean jokarazi nahi izan zioten, eta autore greko-latindarrak itzuli zituzten, baina ez aurreko tradizioaren ildoan: lexiko hiperpuristaz baliatu ziren, eta purismo sintaktikora zuten jo, prosaren erregresioa eraginez ziklo arturikoraino. Gaur-gaurkoz, balizko esentziek eraikitako tabuak kateatuta gauzka purismo erremanentera. Hortik askatu ezean, ezinezkoa da euskarazko prosa homologagarri bat”.