ESZENA

Dantzaldiaren hamabosgarren edizioa

Rekalde Aretoan egin zuten atzo  Dantzaldiaren aurtengo edizioaren aurkezpena. Bertan, Kulturako foru diputatu Miren Josune Ariztondok eta La Fundicion erakundeko zuzendari Laura Etxebarriak ekimenaren nondik norakoak eman zituzten.

Dantzarekiko hitzordu honen programa irailaren 25etik abenduaren 20ra bitartean egingo da, Bilboko hainbat txokotan. Lehen saioan (eta Dantzaldiaren atzoko  aurkezpenean ere bai) Lasala euskal konpainiak Hooked izenburuko lana ikusi ahalko da.  Baina Laura Etxebarriak aipatzen zuenez, edizio berezi honetako urtemuga ospatzeko  elementu bereziren bat ekarri dugu: Carolyn Carlson.  Artista horrek inflexio puntua bultzatu eta ezarri zuen Europako dantza garaikidearen bilakaeran, 1971n kontinente honetara heldu zenetik bertatik. Bera da, gainera, XX. mendeko emakume koreografo handienetariko bat, Pina Bausch eta Anna Theresa De Keersmaeker-ekin batera. Bere Short stories lana egitarauko punturik gorena izango da.

Aipaturikoez gain, Asmed-Balletto di Sardegnak Elsa Schiaparelli diseinugile italiarraren biografia taularatuko du Aragosta obrarekin. Rocio Molinak Afectos obra eramango du Dantzaldira; bertan flamenkoaren bilakaera erakusgai jarriko du.
Societat Doctor Alonso & Moaré konpainiaren eskutik, hiritik paseo bat egiteko proposamena helduko da. Inguruan ditugun arkitekturara eta ingurunera hurbilduko gaituzte, pertzepzio berri batean murgilduz.
Daniel Abreu konpainiak Animal obra taularatuko du. Animaltasunaz eta biziraupenaz hitz egiten den obra honetan dantza, mugimendua eta hitzaren arteko nahasketa antzematen da.
Azkenik, Iratxe Ansak El sonido que hacen los cuerpos en la quietud izenburuko work in progress-a eramango du La Fundicionera.

Baina badago beste zerbait Dantzaldiaren programaren barruan, Daniel Abreuk eta Iratxe Ansak Dantzabiz-Bizkaiko Dantza Etxearen bidez tailer bereziak emango dituzte.

Jaialdiak proposatzen dituen jarduera sorta Ikusleekiko Bitartekaritza Tailerrekin eta lehen esandako hiru koreografo handiei buruzko bideo-dantza saioekin osatuko da.

Ordutegiak, lekuak eta abar Dantzaldiaren webgunean kontsultatu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button