MUSIKA

The Ex taldeak Donostian joko du

Hogeita hamar urtetik gorako ibilbidea duen Holandako The Ex taldeak kontzertua egingo du larunbatean, azaroak 17, Intxaurrondoko Kultur Etxean. 1979an jaio zen The Ex punk talde gisa. Hiru hamarkada hauetan, baina, bestelako osagaiak gehitu dizkio bere jarioari, jazza, Afrikako musiken eraginak edo inprobisazioa, besteak beste.

Halere, post-punk oihartzunak barreiatzen dituzten gitarra angeluar eta zorrotzak dira taldearen ezaugarri  nagusia. Horretaz gainera, taldeak 1.500 kontzertutik gora egin ditu ibilbide luze horretan, beti ere, modu independentean eta euren autonomia aldarrikatuz, autogestioaren bidetik. Holandarrekin batera, Irungo Sacco hirukoteak jotzen du, non Lisabö eta Küm taldeetako kideek jotzen duten.

The Ex ezagunak egin ziren gurean CNT sindikatuaren artxiboetatik berreskuraturiko Espainiako Gerra Zibileko kantuekin egin zuten diskoari esker. Lan hori 1986an argitaratu zen, baina 1997an berrargitaratu. Harrezkeroztik, The Ex punk anarkistarekin lotu da. Alabaina, eta kontu politikoak gorabehera, taldekideek aspalditik musikari eman diote lehentasuna osoa. “The Ex da kontzeptu bat, ezta ideia politikoa ere, musika bere nahierara egin gura duen lagun talde bat da. Musikak dauka lehentasuna, alderik garrantzitsuena da”, dio Andy Moor taldeko jotzaileak El Confidencial egunkariak argitaratu duen elkarrizketa batean.

Hala, holandarrek musikan jarri dituzte ahalegin guztiak, eta esfortzu horrek bere fruituak eman ditu. Izan ere, bere musika esparru askotara zabaldu da, jazzera zein Afrikako musiketara. Esate baterako, Brass Unbound jazz taldearekin jo dute, bai eta Getatchew Mekuria saxo jotzaile etiopiarrarekin. Azken horrekin disko gomendagarria ere grabatu dute, Moa Anbessa (txertaturiko bi bideoetan musikari horiekin jotzen ikus daiteke The Ex).

Aipagarriak ere badira, holandarrek Afrikan barrena egiten dituzten kontzertuak, beti ere, modu autogestionatuan. “Bira batean gaudenean, guztia low-cost erara egiten dugu, horregatik egin ahal dugu, antolatu egiten gara eta gogor lan egin. Ez dago beste modurik”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button