IKUS-ENTZUN

Zinebik bere 54. edizioa aurkeztu du

Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldia (ZINEBI) azaroaren 16an abiatuko da Bilboko Arriaga Antzokian. Egun horretan, Sekzio Ofizialaren barruan lehiaketara aurkezten diren euskal film laburrak eskainiko dira, eta Zinemaldiko Ohorezko Mikeldietako bat Carlos Saura zinegileari emango zaio.

Jaso diren 3000tik gora lanetatik 72 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean fikzioa, dokumentala eta animazioa sailetan, Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez.
Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean, euskal zinegileek egindako zortzi lan nabarmendu ahal dira. Esan bezala, hauek inaugurazio ekitaldian proiektatuko dira: Tucker Dávila Wooden Los perfeccionistas (fikzioa), Unai Garateren Aner (fikzioa), Martín Roseteren Voice Over (fikzioa), Gentzane Martínez de Osabaren Je me souviens (dokumentala), Carlos Rodríguezen Berriro igo nauzu (dokumentala), Isabel Hergueraren Bajo la almohada (animazioa), Ander Mendiaren Beerburg (animazioa) eta Ángel Sandimasen Gernika (animazioa).

Zinebik hamaika atal izango ditu aurten zinemagintzaz behar bezala gozatu ahal izateko. Hala, Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi sekzioan, ZINEBI 54k arreta berezia eskainiko die duela denbora gutxi egindako bost lani, haien artean, Joseba Gorordoren La Otxoa. La vida sin complejos. Sekzio berean, Pedro Oleak zuzendutako Ballets Olaeta. Una vida en danza dokumentala ere ikusi ahalko da

Beste aldetik, Beautiful Docs. Munduko dokumental luzeen panorama zikloa abian jarriko da aurten. Dokumentalaren generoko nazioarteko jaialdietan sariak jaso dituzten 11 dokumental ikusteko parada egongo da Bilbon. Ziklo horren barruan, aipatzeko da 15-M mugimenduari buruzko Dormíamos, despertábamos lana.

Zinebilab programa ere martxan jarriko da David Truebak, Alfonso Sánchezek eta Álvaro Alonsok burutuko dituzten tailerrekin. Hala, azaroaren 19an, 20an eta 21ean, ikasleei, zinegile gazteei, enpresei eta adituei zuzendutako low-cost ekoizpenari buruzko mintegi-tailerra antolatuko da aditu hauekin. 

Emanaldi gehienak Golem-Alhóndiga zine aretoetan eta auditorioan izango dira, baina Kale Nagusiko BBK Aretoan, Arte Eder Museoan eta Guggenheim Museoan ere bai.

Hau eta beste mila kontu gehiago antolatu dira Zinebi 54. Edizioan, hortaz, programazioa, ordutegia eta zer-noiz ikusteko www.zinebi.com webgunean begiratu beharko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button