LITERATURA

“Hitzak hots” emanaldia, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak ostiral honetan hasiko den programazio bereziarekin itxiko du urtea. Bertan errezitaldiak, liburuen aurkezpenak, musika eta antzerki-lanak bilduko dira.

Barikuan, Euskararen Eguna dela eta, Hitzak hots poesiaren eta musikaren arteko fusioa ekarriko duen topaketak hasiera emango dio egitarauari. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da ekitaldia, eta Miren Agur Meabe eta Anjel Lertxundi idazleen gogoetez eta testuez gain, Antton Valverde musikariak bost poetaren zortzi abesti berri aurkeztuko ditu pianoan: Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Jule Goikoetxea eta Miren Agur Meabe bera.

Hurrengo saioa, abenduaren 14an izango da. Beroki gorria & el abrigo rojo liburu ilustratuan oinarritutako ikuskizuna programatu da Patxi Zubizarretaren gidoiarekin, Yolanda Mosqueraren marrazkiekin eta zuzeneko musika eta dantzarekin. Maddi Oihenartek jarriko dio ahotsa ipuin ilustratuari, Imanol Elizasu eta Zariatxok koruetan lagunduta, txelo eta akordeoi musikarekin, eta Sahatsa Ramirezek eskainiko du zuzeneko dantza.

Hurrengo egunean, abenduaren 15ean, Erre Arteka eta Maskaradak ekoiztutako Marie Curie-Mania Sklovowska. El porvenir de la cultura antzezlana jasoko du, Itziar Ituño eta Chema Trujillo antzezleekin. Marie Curie zientzialariaren testu autobiografikoetan eta beste dokumentu historiko batzuetan oinarritutako lana da.

Hilabetea amaitzeko, abenduaren 18an, Antonio Machado poetaren lanaren inguruko poesia errezitaldia programatu da Orphenica Lyra musika taldearekin, eta abenduaren 20an, Bilbo Sax Quartet saxofoi laukoteak Gabonetako Kontzertua eskainiko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button