IKUS-ENTZUN

7. Lupa Dokumentalen Mostra

Donostiako Banda Bat eta Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkarteek elkarlanean antolatuta, 7. Lupa Dokumentalen Mostra abiatuko da apirilaren 17tik 20ra bitarte.
Zinema dokumentalaren inguruan, publiko eta zinemagileen arteko topaketa egingo da, eta lau egun horietan proiekzioak, solasaldiak eta mahai inguruak izango dira. Fikziozkoak ez diren 14 film izango dira ikusgai. Sarrera doakoa izango da eta filmak autoreek beraiek aurkeztuko dituzte.

Areto komertzialetara iristen ohi ez diren filmak, proposamen ausartak, konprometituak, politikoak eta pertsonalak, eta haien atzean kontatu eta entzuteko gogoz diren pertsonak ezagutzeko parada egongo da.

Mostra, apirilaren 17an, ostegunarekin, abiatuko da 18:30ean, Donostiako Guardetxean, Ciutat Morta lanarekin. Film honek Malagako jaialdian dokumental onenaren saria irabazi berri du eta argitara ekartzen du Bartzelonako 4F kasua.

Datozen egunetan, Pela del Alamok zuzendutako N-VI filma; Maria Cañasen Se Villana eta Fuera De Serie lanak ere pantailaratuko dira.
Nabarmendu behar da Europa Trampa; bere semearekin batera bere herritik migratu duen eta Bartzelonan harrapatuta geratu den emakume Afganistandar bat ezagutuko duzue. Eta mostra ixteko harribitxi bat: Paradiso, Madrilen geratzen den azken X zinema aretoari buruzko pelikula ederra.

Bertako egileek ere badaukate merezi duten lekua. Aurten, Ander Agudok zuzendutako Urola aurkeztuko dute, bailara horretako zenbait pertsonaien erretratua egiten duen filma.
Formatu txikian, Iban del Campok Arsenic aurkeztuko du, eta Maider Fernandez, Maria Elorza eta Aitor Gametxok Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa.

Proiekzioez gain, bi mahai inguru prestatu dira; 18an Xabier Erkiziak soinua zineman nola landu daitekeen ardatz izango duen jarduna dinamizatuko du; eta 19an, sortze prozesuan dauden lanak ezagutuko dira.

Programa osoari buruzko informazioa: http://www.lupadoc.org    

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button