ARTEA

Pintura eta poesia uztarturik “Memoria Zulatua” erakusketan

Idoia Beratarbideren Memoria Zulatua pintura erakusketa ikusgai dago Errenteriako Xenpelar aretoan uztailaren 9ra bitartean. Asier Sarasolak eta Ander Fernandezek, gainera, olerkiak idatzi dituzte bere erakusketako irudietan inspiraturik eta aretoan bertan irakurri ahal dira, -pintorearen testuak ere jasotzen dira-.

Egilearen hitzetan, “norberaren memoria aurreko belaunaldien memoriarekin osatzen da, horregatik memoria zulatua da beti gurea. Aurreko belaunaldien aztarnak, oihartzunak, bizipenen markak arakatu ditut orainaren begiekin, pertsona bakoitzaren unean uneko bizipenetan eta sortzen ditugun esperientzia berrien zergatietan gure aurrekoen bizipenek izan dezaketen itzala bilatuz”.

Behean albiste honekin argitaratu dugun dion irudiari dagokion Asier Sarasolaren olerkia irakurri daiteke.

 

Zulo arteko printzez eginak gara

hustasunari ebatsi ahal izan dizkiogun

iragan haragiztatuen taupada haziez.

 

Idatziz jasota jaio ohi gara duela zenbait mende

hari mendrez sostengatuta eta

zuhaitz izan ginena oroituko duten garaien bidean.

 

Bata bestearen begietara noiz etorriko

zatika osa daitekeen esperoa da gurea

ortzaizera begirako beiratea

sortzera egin duen mantala.

 

Josi ditzakegun urratuen historia da gurea

ilaje basa

amaraun beltz

handitzera eta sendotzera egingo duten itzalena.

 

Arnasa ematen diguten itzalak

itzala ematen diguten birikak

besteon goiza ernaltzera egin zutenak

gordeta gauzkatenak beren isilean.

 

Guk ere gorde gura ditugu

ibiltzen dugun bizitzaren oihartzunei lot gaitzaten

gaurkoa bailitzan behin betiko inauteria bakarra.

 

Irudi eta olerki gehiago hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button