MUSIKA

Jarboe musikari estatubatuarrak Donostian joko du

New York hiriko Swans talde zaratatsu eta industrialean aritutako Jarboe abeslari eta piano-jotzaileak Donostiako Le Bukowski Klubean joko du ostegunean, azaroak 28, 20:00etan.

1985ean hasi zen Swans bandarekin jotzen Jarboe, eta, harrezkeroztik, ia disko guztietan parte hartu du.  Egun, ez du talde horretan jotzen, baina The Seer (2010) New Yorkekoen azken diskoan ere kolaboratu du; ahotsa grabatu du bi doinutan, hain juxtu.

The Swansekin jotzen hasi eta berehala ekin zion Jarboek bere bakarkako ibilbideari; horren erakusle bere estreinako lana: Walls kasetea (1984, Public Domain Records).
Bere azken lana ere, A Symphony For Shiva (2013, Destructive Industries) kasete formatuan plazaratu du; aipatutako bi horien artean, hamaika erreferentzia plazaratu ditu. Horretaz gainera, makina bat egitasmotan ere parte hartu du, tartean, Skin, World Of skin eta Byla & Jarboe.

Bere disko eta zuzenekoetan, new age-a, esperimentazioa eta noise-rock uztartzen ditu. New Orleans hiriko artista, gainera, diziplina anitzetan jardundako artista ipurterrea ere bada: performancea, antzerkigintza eta  literatura, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button