
Krzysztof Kieslowski (1941-1996) poloniar zinema zuzendaria izan zen, eta bere lan aipagarrienen artean Trois couleurs izenekoa dugu, Frantziako banderari dedikaturikoa. Trilogia horrek mundu osoan eman zion ospea. Bere lan nabarmenetako bat ere Dekalogoa izenekoa da. Obra horrek Hamar Manamenduetan du oinarria. Kieslowskik erlijioa hartu zuen gizakiaz eta bere kontradikzioez mintzatzeko.
Gaur, Tabakaleran, Dekalog, dziewiec eta Dekalog, dziesiec izenekoak emango dituzte, hots, Dekalogoaren 9 eta 10 piezak. Lehen lanean, bikote baten aferak azaltzen dira modu honetan: “Roman inpotentea da. Emazteak sexu-premiak dituela ezagututa, maitale bat bila dezan animatzen du. Hanka zalantzan da, senarra maite baitu, baina azkenean bere aholkuari lotu zaio, eta abentura batean hasi da ikasle gazte batekin. Hitzak hitz, zeloen arrak Roman sumindu du ordea, eta burutik ezin kendu dabil emazteak beste gizon batekin harremana izan dezakeela”.
Bigarren filmean, gizon batek, hil ondoren, seilu-bilduma baliotsu bat utzi die bi semeei, Jerzy eta Artur-i. Hauek, hasieran, apenas dakiten ezer seiluei buruz, baina denboraren poderioz, horiek burutik ezin kendu eta bildumagile amorratuak bihurtuko dira.
Tabakaleran izango diren beste emanaldi batzuk, hemen kontsultatu ahal dituzue.



