IKUS-ENTZUN

“Kortxeak eta Krispetak”, zinea eta musika Gasteizen

Oihaneder Gasteizeko Euskararen Etxeak dokumental musikalei buruzko zikloa ondu du Falerina Lorategian, uztailaren 26tik 28ra bitarte, Kortxeak eta Krispetak izenburupean. Hiru film pantailaratuko dira programazioaren baitan, euskarazko azpitituluekin, baina hiru zine-emanaldiez gainera, uztailaren 29a, kontzertua ere izango da: Lou Topet eta Montauk Duo.

Filmen harira, hilaren 26an, Fran Zappa musikariari buruzko Eat That Question: Frank Zappa in His Own Words (Thorsten Schütte, Frantzia eta Alemania, 2016) filma emango dute. Mothers of Invention taldearen sortzaile Frank Zappak (AEB, 1940–1993)  jazzaren, abangoardiako musikaren eta klasikoaren elementuak gehitu zizkion pop musikari, oso proposamen pertsonala garatzeko. 60 diskotik gora plazaratu zituen. Talentu handiko sortzailea izan zen, eta denetarik egiten zuen: kantuak idatzi, gitarra jo, diskoak ekoiztu, azalak diseinatu, filmak eta bideoklipak zuzendu.

Hilaren 27an, Janis Joplin artistaren inguruko Janis: Little Girl Blue (2015, AEB) filmaren txanda izango da. Cat Powerrek, folk alternatiboko kantautoreak, Janis Joplin izar nola bilakatu zen kontatzen du. Horrela, hildako artistaren aurpegi gizatiar eta ezezaguna erakutsiko dio ikusleari, kontraesanez beteriko pertsonalitatearen erretratu zintzo, intimo eta esanguratsua eskainiz.

Azkenik, hilaren 28an, azkenik, Sad Vacation filma pantailaratuko da. Dokumentalak Sid Vicious (Sex Pistols) eta Nancy Spungenen heriotza aztertzen du. Zer gertatu zen 1978ko urriko 12an Chelsea Hotelean? Benetan izan al zen Sid Vicious Nancy Spungenen heriotza eragin zuen labankadaren egilea? Filmak 22:00etan hasiko dira, eta gogoratu hilaren 29an, ordu berean, kontzertua izango dela: Lou Topet eta Montauk Duo.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button