LITERATURA

Juan Luis Zabalak “Mina hartzeko ere” poema liburua argitaratu du

Juan Luis Zabala idazleak Mina hartzeko ere izeneko poema liburua argitaratu du. Gaur goizean  aurkezpen ekitaldia egin du Susa argitaletxeak.

Argitaletxeak azaldu digun bezala, umetako jolastokira itzultzea eta hizkuntzaren adarkatzeetan jostatzea izan da egilearen asmoa, bai eta onenak emanda egon zaitezkeela antzematearekin batera eraldatzen hasten den begirada eta eguneroko esan arruntenen atzealdean azterka egitea ere.
Orain maitasunaren gozotik, orain oinazearen garratzetik, ironiaren argiz bildu ditu Juan Luis Zabalak poema liburu honetako aleak.

Tartean hau bezalako poema ederra:

AUTORRETRATUA

Nagia naizenez,
lana beltz egiten dut
indarrak ahitu arte,
gero alferkerian lasai egoteko.

Errebeldea naizenez,
aginduak oro zuzen
betetzen ditut,
gero lasai desobeditzeko.

Maltzurra naizenez,
ahal bezain zintzo
jokatzen saiatzen naiz,
gero gaiztakerian lasai aritzeko.

Eroa naizenez,
arrazoiaren indarrari
arretaz begiratzen diot,
gero nire zoroa lasai bizitzeko.

Bakartia naizenez,
jendetasunaren arauak
zorrotz errespetatzen ditut,
gero nire baitara lasai egoteko.

Berekoia naizenez,
hurkoa zaintzeko ahalmena
azken tantaraino zukutzen dut,
gero neure burua lasai maitatzeko.

Lasai bizi nahiaren
lasai bizi nahiz,
etenik gabeko dardara
urdurian bizi naiz.

Poema gehiago, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button