Ezezez talde potentearen azken diskoak Katuzaldia izena darama. Bada, taldeak lan horren aurkezpena, eta era berean, agur berezia antolatu du bihar, hilak 19, Bilboko Kafe Antzokian. Dagoeneko sarrera guztiak agortu dira Espainia aldetik burutuko duten bira hasi baino lehenago egingo duten kontzertu honetarako.
Katuzaldia zortzi kantuek gorpuzten dute eta horietan reverbs, tronpetak, oihartzunak, autotunea, hitz ezkutuak eta ekoizpen bikaina entzun beharko dituzue. Bilbotarrek bideo-joko sentsazioa duen disko bat kaleratu dute, eta abesti bakoitza esploratzeko gogoa ematen dizuen pantaila berri bat da.
Bateria anfetaminikoak, melodia ezkutuko gitarrak edo distortsioa duten baxuak entzungo dituzue, eta horri kantariaren ahotsa gehitu behar zaio, kolektiboa, lagunartekoa edo autoezagutza-prozesua ulertzeko duen moduan kantatuz.
Katuzaldia lanak beste koxka bat jarri du Euskal Herriko underground panoraman, punkari psikodelia emanez eta bestelako melodiak sortaraziz, espero zenituzten leloak alde batera utzita.
Gaur egun, taldea kanta eta material berria grabatzen ari da, eta laster batean, datorren astean Espainiatik bira handi bati ekingo dio, eta hala, 26an Granadan izango da, 27an Murtzian, eta 28an Valentzian. Urriaren 3an Logroñon, 24an Zaragozan, 25ean Bartzelonan, eta 26an Madrilen. Azaroan taldeak Oviedo, Vigo, Ferrol, eta Sevilla bisitatuko ditu, eta beste fetxa batzuk ere bidean badaudela esan dute.