MUSIKA

Jabier muguruzak “Leiho bat zabalik” aurkeztuko du Arriaga Antzokian

Gaur, Jabier Muguruzak Leiho bat zabalik izeneko diskoa aurkeztuko du Bilboko Arriaga Antzokian, 19:30ean.

Jabier Muguruzaren disko berriak aldaketa nabarmena dakar instrumentazio aldetik: urte luzeetan lagundu dion oinarri akustikoa alde batera utzi, eta gitarra elektrikoak (Ander Mujika) eta elementu elektronikoak sartu ditu. Muguruzaren aburuz, “soinu-janzkera, sonoritatea aldatzeko beharra nuela sentitu nuen. Aldaketa hori prozesu baten ondorioa izan da, gogoeta luze baten emaitza, baina intuizioak ere bere lana egin du”.

Hala, sonoritate lakarragoa bilatu du Muguruzak, eta diogun bezala, horretarako gitarra elektrikoak eta oinarri elektronikoak uztartu ditu. Gitarrak Ander Mujikak (Napoka Iria, Anari…) sartu ditu eta elektronikaz Javi Carasueño arduratu da, zeina Tulsaren azken diskoaren bidez ezagutu duen. Tulsaren atzean dagoen Miren Izak, hain zuzen, kantu batean abestu du.

Diskoak puntu iluna erakusten du, “bizi dugun sasoiaren isla, baina ez da lan triste bat”. Dena dela, Muguruzaren estiloak bere horretan jarraitzen du: diskoak ohiko giro intimistak haizatzen ditu, soineko elektrikoarekin erakutsi izanagatik ere.

Kantu guztien musika Jabierrek egin ditu; hitzak, ordea, hamaika idazlek idatzi dituzte. “Jende on asko dago nire inguruan, eta sintonia dut haiekin”: Iban Zalduak Kontraesanak idatzi du; Harkaitz Canok Jada iritsi diren barbaroen zain; Anjel Errok Spam kanta eta Iñigo Astizek diskoari izenburua ematen dion doinua.

Irungo kantaria behin eta berriz errepikatzen ari den gisan, kulturarako garai ilun hauetan, ilusioa eta gogoari eusteko apustu kementsua da orain aurkezten duen Leiho bat zabalik hau.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button