MUSIKA

Kaskezur taldeak melodiak eta distortsioa uztartu ditu bere lan berrian

Baztango Kaskezur taldeak Azpisugeak (Mukuru Records) izenburuko lana plazaratu berri du. Diskoak hamar kantu biltzen ditu, distortsio handiko gitarrekin ondutako pop zaratatsuaren esparruan iltzatutakoak, 1990eko hamarkadako indie-pop oihartzunak haizatzen dituztenak.

Hasier Larretxearen aburuz, “riff suhar, bizi eta koloretsuekin datozkigu Baztango Kaskezur taldea laugarren disko honetan, non musikaren azal berrituarekin aitzineko Ilgora (2013) lanarekin euskarazko pop-rock musika eszenan lortutako merezimenduzko tokia berresteaz gain norabideko eta xehetasun berriak dakarzkiguten, azken urteetan landutako ikusmira zabalduz”.

Nafarrek lan txukuna egin dute, hala musikan, nola ahotsetan, hamar kantuak ñabardurekin josita baitaude: gitarra jolasak, ahots konbinazioak… Horretaz gainera, Ibai Gogortzak (Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunak) eginiko ekoizpen lana ere azpimarragarria da oso. Diskoa Iñigo Irazokik grabatu du Berako Atala estudioetan; nahasketez Irazoki bera eta Gogortza arduratu dira.

Nontzeberritarroi iruditu zaigu 2017an, orain arte, entzun dugun euskal disko interesgarrienetarikoa dela, eta gure ustez Hasier Larretxeak bete-betean asmatu du diskoaren deskripzioarekin: “Azpisugeak power-pop, psikodelia eta rock proposamen dastagarria da, Sonic Youth eta Superchunk gisako taldeen herentziaren itzaletik edaten duena”.

Taldea, gainera, prest da diskoa zuzenean aurkezteko. Hala, apirilaren 7an, Elizondon izango da; 15ean, Beran; 21ean, Iruñean; 22an, Soraluzen; 28an, Bartzelonan; 29an, Lleidan; maiatzaren 13an, Andoianen, eta, azkenik, maiatzaren 19an, Erratzun.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button