IKUS-ENTZUN

Koldo Serrak zuzenduko du “Gernika” filma

Koldo Serra (Bilbo, 1975) zinegileak, Bosque de sombras filmaren zuzendariak, Gernika pelikula filmatuko du. Filmak 1937an udalerri horretan izandako bonbardaketa izango du ardatz.

Espainia, Britainia Handia, Alemania eta Frantziaren arteko koprodukzioa izango da, eta irailean preprodukzioari ekingo diote. Filmaketa 2014ko otsailean hasiko da.

Filmak dagoeneko behin-behineko kartela dauka, non “Amodioan eta gerran, lehendabiziko biktima egia da” esaldia irakur daitekeen. Filmaren ordezkariak Berlingo zine jaialdian izan dira oraintsu finantzazioa ixten.

Gidoia Carlos Clavijo eta Barney Cohenek idatzi dute. Azken horrek Friday the 13th: The Final Chapter filmaren gidoia egin du, besteak beste. Serrak, berriz, Bosque de Sombras thriller generoko filma zuzendu zuen 2006an  Gary Oldman, Virginie Ledoyen eta Paddy Considine aktoreekin batera. Zinegile bizkaitarrak, gainera, hainbat film labur filmatu ditu.

Bonbardaketaren inguruko filmean ere, aktore ingelesek parte hartuko dute. Izan ere, filmaren protagonistak bi kazetari dira. Euretariko bat estatubatuarra da, eta horrek dauka protagonismorik handiena. AEBetako korrespontsal hori zinismoz mugitzen da bizitzatik. Emakumezko aktore espainolek ere parte hartuko dute pelikulan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button