MUSIKA

25 urtez musikarekin bat eginez

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak antolatu du beste behin, Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketa, aurtengo edizioan 25 urte beteko dituena. Irailaren 12an hasiko dira aukeratu diren 40 taldeen kontzertuak.

Gaur, goizeko prentsaurrekoan, sail horretako Sabin Anuzita zinegotziak xehetasun guztiak eman ditu: “Bilboko Udaleko gure sailaren apustu garbia dira gazteak, eta aurten, bereziki, 25 urte betetzen dituelako gure ekimen honek”.

Eta hala da, 25 urtez antolatu baitituzte kontzertu hauek sortzen ari diren banda guztientzat. Aurten, aurkeztu diren 566 taldeetatik, 40 talde aukeratu ditu epaimahai espezializatu batek, irailaren 12tik aurrera jotzen hasiko direnak.

Euskal Herriko eta Espainiakoez gain, Erresuma Batuko, Suediako, eta Belgikako taldeek joko dute lehiaketan. “Gre lehiaketa hau maila altukoa den seinale”, gaineratu du Anuzitak. Hemengo taldeetako batzuk Educados, James Room, Larry Bird, Joseba B. Lenoir, Meido, Niebla eta The Dispositives izango dira.

Esan bezala, kontzertuak 12an hasiko dira Pop-rock sailaren barruan. Hurrengo zitak, 13an, 19an eta 26an izango dira. Urrian ere segida izango dute, 3an, 10ean, 17an eta 24an. Metal esparruari dagokionean, irailaren 20 eta 27an eta urriaren 4, 11 eta 18an izango dira kontzertuok. 
Horien ostean, Bestelako Joeren finala azaroaren 7an izango da, Metalekoa 8an eta Pop-Rockekoa 9an.

Sariak potoloak dira. Edozein modalitatetan, lehenengo saridunak 5.000 euro harrapatuko ditu; bigarrenak 2.500 eta hirugarrenak 1.000 euro. Bestelako joerak sailean, 2.700 euro banatuko dira. Beste aldetik, 1.000 euro gehiago egongo dira ustekabeko maila ona emango duen talde errebelazioarentzat.

Aurten 25. urteurrenaren kariaz, kontzertu bereziak antolatu dituzte.  Hala, azaroaren 15ean, talde metal zaleak arituko dira: Ost, Ride to Fall eta Ero; eta 16an, Las Culebras, Mobydick eta The Great Barrier.

Ez dugu esatea ahaztu nahi, kontzertu guztiak 20:00etan hasiko direla, eta sarrera doakoa dela.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button