BESTELAKOAK

"Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak" jardunaldia Euskaltzaindian

Goizeko 11:00etan, jendaurrean aurkeztuko dira aurrerantzean Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal berriak: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.

Hiztegi Batuko forma bakoitza erabakitzeko erabili den dokumentazioaren berri ematen duen datu-base bat da Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), Internet bidez edonork kontsultatu ahal izango duena. Horrela bada, osatuta geratuko da Euskaltzaindiaren webgunean Hiztegi Batuaren inguruko informazio guztia: Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsio digitala, XX. mendeko corpus estatistikoa, Hiztegi Batua bera eta honen azpian HBO, orain arte hartu diren erabakien inguruko dokumentazio guztia biltzen duena. Era horretan hobeto ulertuko da erabaki den forma bakoitzaren zergatia.

Horretaz gain, Lexikoaren Behatokia egitasmoa komunikabideen aurrean aurkeztuko da jardunaldian. Lexikoaren Behatokia egitasmoak ikerketarako eta kontsultarako testu-corpus bat prestatzea du oinarrizko lana, etiketatua eta linguistikoki antolatua. Corpus hori osatzeko hainbat eremu jorratu ditu Euskaltzaindiak, batez ere hedabideak. Hori dela eta, Akademiak hitzarmenak sinatu ditu zenbait komunikabiderekin -Berria, EITB, Argia eta Deiarekin, besteak beste- hauek egunero argitaratzen dituzten euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jar ditzaten. Asmoa du Akademiak komunikabide gehiagorekin ere bide bera lantzea. Egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa Taldearekin garatzen ari da Akademia.

Biharko jardunaldietan parte hartuko duten adituetako batzuk Andoni Sagarna, Jose Antonio Aduriz eta Miriam Urkia izango dira.

Euskaltzaindiak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button