MUSIKA

Sharon Stoner taldeak hirugarren lana argitaratu du

Oñatiko Sharon Stoner rock bandak Puntu bakar batean elkartzen diren ertzak izenburu luzeko hirugarren diskoa plazaratu berri du. Iñigo Ibarrondok (baxua eta ahotsa), Mikel Zarketak (gitarra) eta Egoitz Olaldek (bateria) osatzen duten hirukoteak 70eko hamarkadako rocka eta egun stoner gisa ezagutu, eta aurrekoan sustraituta dagoen estiloa jorratzen ditu.

Iazko martxoa eta uztaila bitarte grabatu zuen hirukoteak hirugarren disko hau Iruñeko Sonido XXI Iban Yanizen gidaritzapean. Diskoan erritmoa gogor eta pisutsuak melodiekin kiribiltzen dira. Taldearen bandcamp webgunean Bosforo, Desioa eta Distantzia doinua entzun daiteke. Azken hau aurreko biak baino askotarikoagoa da, izan ere, tenpoekin, intentsitateekin eta esperimentatzeko grinarekin bikain jolastu dira.

Taldea 2001. urtean eratu zen eta harrezkeroztik, hiru disko argitaratu ez ezik, hainbat lehiaketa ere irabazi ditu, hala nola, Danbaka 2004 eta Bilbo Hiria 2006, euskal talde onenaren saria.

Oñatiarrak gaur bertan izango dira haien herriko Gaztelekuan lan hau aurkezten. Martxoan, halaber, beste hiru kontzertu egingo dituzte: 9an, Urretxuko Soraluze tabernan; 16an, Iruñeako Infernu tabernan, eta 23an, Mutrikuko gaztetxean. Azkenik, apirilaren 13an Bergarako Laino skate parkean izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button