
Maiatzaren bigarren asteburu honetan Parasite Kolektiboak eta Baratza Aretoak antolatzen duten Zurrunbilo jaialdia egingo da. Bere helburu nagusia “euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta espazioa eskaintzea da. Horretarako, publiko berriengana hurbiltzen, tokiko konplizitatea sortzen eta beste lurralde historiko batzuetako programa eszenikoekin loturak sortzen saiatu da. Hori guztia diziplinarteko ikuspegi batetik.”
Edizio honetan, jaialdiaren zeharkako helburua publiko gazte berriak sortzea eta arte eszeniko garaikideak etorkizuneko belaunaldietara hurbiltzea izango da.
Lehen hitzordua maiatzaren 3an izan zen Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloian. Bertan Amaia Bono artistak Belarri Prest, nire lehen sortzelan euskaraz proposamena aurkeztu zuen. Ondoren, Arte eszeniko garaikideak Arabako emakume sortzaileen eskutik izeneko mahai-ingurua antolatu zen.
Asteburu honetan, Xanti Agirrezabalaren Sátiro, sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen pieza laburrak irekiko du jaialdia, maiatzaren 12an. Ondoren, Miren Narbaizak eta Itziar Garalucek Meteo aurkeztuko dute, ikus-entzunezkoen eta zuzeneko musikaren nahasketa bat.
Maiatzaren 13an, larunbata, egitarau bikoitza ere izango da: Maren Basterretxearen Igaro antzerki fisikoko obra laburra, eta ahotsa, loopa eta bideo-proiekzioa nahasten dituen ikuskizuna, Uraren Oldea, Peru Galbeteren eskutik.
Oier Zuñigaren Eresia, Lurra Arin Bekizu, Ama piezak emango dio amaiera jaialdiari, maiatzaren 14an. Dantza, kantua eta interpretazioa uztartzen dituen lana da, “ekintza eszenikoa dolu-erritu kolektibo bihurtuz.”