IKUS-ENTZUN

Dokumentalak eta hitzaldiak, Bilboko “Bidaiarien Txokoa” programan

Bidaiarien Txokoa programa martxoaren 1etik 11ra bitartean egingo da Bilboko Begoñako eta Santutxuko Udaltegietan. Ekimenean hainbat bidaiariren esperientziak partekatzen dira publikoarekin, bidaiei eta abenturari buruzko ikuspegi hurbil eta desberdin batekin. Hitzaldiz eta ikus-entzunezko solasaldiez betetako programa da, eta munduko beste bazter asko ezagutzeko aukera paregabea izaten da.

Aurten, makina bat kontu bildu ditu programak, tartean, erakusketak, haurrentzako ipuin kontalarien saio bat, eta Mendi Film Festivalen ikusi diren hainbat dokumental. Hala, martxoaren 1etik aurrera Aralar menditik Ararat mendira Sakratuaren bila erakusketa abian jarriko da. Munduko herri gehienetan mendi sakratu eta mitikoak aurki daitezke. Horietako asko ahozko tradizioetatik nobeletara, komikietara edo zinemara igaro dira. Begoñako Liburutegiak gai honi buruzko aukeraketa bat eskainiko du. Eta bertan ere, Santutxu mirando al mundo, Cristina Maruri bilbotar argazkilari-idazlearen erretratu-bilduma ikusi ahalko da. Asmoa da “adieraztea gizaki guztiok garela oso antzekoak eta bereizten gaituen gauza bakarra aukerak direla.”

Gaur berton abiatuko da programa Mendi Film Festivalen azken edizioan pantailaratu zen film eder batekin: Le Cavalier Mongol (Hamid Sardar). Aste osoan jaialdi horretatik iragan ziren film ikusgarriak pantailaratuko dituzte, tartean, Action Directe, Jötunn, Amagana edota Txango izeneko dokumentalak.

Aste honetan, martxoak 3, lehen hizketaldia izango da, 19:00etan, Santutxuko Udaltegian: Graníto Buffet-Vagabundos Pirenáicos (Iñigo Iruretagoiena). Dokumental honetan, laburturik erakusten dira Iru eta Rouko getxoztar mendizaleek Pirinioetan eman zituzten 44 egunak, hiru milako 214 mendiak bata bestearen ostean igotzen.

Datorren astean, martxoak 7, Aralia Loiterstein Lorenteren Agua Dulce, Agua Salada liburuaren aurkezpena izango da; martxoaren 9an, Salimos de Bilbao: el privilegio de viajar antes y durante la pandemia izeneko hitzaldia egingo du Oscar Cachok; martxoaren 10ean, La Montaña Desnuda proiekatuko da, eta Alex Txikon bertan izango da; azkenik, martxoaren 11an, Cristina Maruriren Cuéntame un cuento y llévame a otro lugar liburuaren aurkezpena eta hitzaldia programatu da.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button