MUSIKA

Mursego, SchnAAk eta ZA!, kale gorrian

Urretxuko Santa Barbara aterpetxean egiten diren bi asteburu musikal hartzen ditu Kale Gorrian ekimenak. Ekainaren 7an egin zuten bi asteburu horietariko lehena, eta egun horretan Balekite, Audience eta The Northagirres aritu ziren.

Gaur, ekainak 13, Kale Gorrian ekimenaren bigarren hitzordua izango da, eta agertokian ondokoak izango dira: Mursego eibartarra, SchnAAk alemaniarrak eta ZA! Katalanak. Emanaldiak doakoak dira, eta 20:00etan hasiko dira. Horrekin batera, Antton Iturbe kazetaria ere bertatik ibiliko da giroa berotzen disko interesgarriekin.

Mursego musikari asko ezaguna da gurean; gaur, Hiru izenburuko lana arrakastatsua aurkeztuko du. Txelo jotzaile eibartarrak Zuek Zarete ZA izenburuko doinua jo ohi du bere kontzertuetan; bada, kantu horrek Bartzelonako ZA! bikote musikala aipatzen du, zeina Urretxun izango den. Katalanen musikan askotariko estiloak uztartzen dira: erritmo tropikalak, inprobisazioa, metala, hardcore, jazza… agertokian, gainera, bikain aritzen dira, sekulako ikuskizuna ematen dute.

Azkenik, Berlinetik datorren SchnAAk bikotea (Mathias Jähnig eta Johannes Döpping) math-noise-rocka egiten hasi baziren ere, egun askotariko erritmoak sartzen dituzten euren musikan. Bateriak, sintetizadoreak eta sanplerrak dira nagusi.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button