
KaldeArte, Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldiaren XI. edizioa ekainaren 9tik 12ra egingo da, eta Arabako hiria, 30 konpainiek erakutsiko dituzte beren 46 ikuskizunekin, antzerkiaren erdigune bilakatuko da.
Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldia datorren astean, ekainak 9, hasiko da, eta asteburu osoan luzatuko da. Kultura eta Kirol Arloko zinegotzia Estíbaliz Cantok eman ditu ekimenaren gaineko oharrak: “Bost ikuskizun erabateko estreinaldia izango dira kalean, eta horietako zenbait KaldeArteren laguntzarekin ekoitzi dira. Orotara, Gasteizko bost konpainiak, Euskal Herriko bederatzik, Espainiako zortzik eta atzerriko beste zortzik hartuko dute parte. Hiriko publikoak jaialdi ospetsuetan saritutako lanak ikusi ahalko ditu”.
Aurten, Bilboko eta Gasteizko Udalen arteko elkarrekintzaz sorturiko Lurrak ikuskizuna ekainaren 10ean estreinatuko da Gasteizko KaldeArten. Lurrak obrak lantokia adierazten du, non lurra ere oso presente dagoen, eta bertan ere protagonisten bizipenak agertzen diren, hori guztia zirku garaikidearen teknikekin zipriztindurik. Zirkuko teknika bat baino gehiago menderatzen dituzten espezialisten agerraldiak daude, eta musika tresna tradizionalak (txalaparta ikusgarria) eta modernoak jotzen dituzten musikariak, izan ere, pieza horretarako propio sortu da musika berezia.
Horretaz gain, besteak beste, Markeliñe, Trapu Zaharra Deabru Beltzak, Dantzaz Euskal Herritik, eta hauez gain, Marcel et Ses Droles de Femmes konpainia, Leandro Ribera mimo, clown eta antzerki zuzendari katalana, To R Mansión konpainia, Les Mobilettes, Koblakari, Les dudes, Mr Banana eta Zen del Sur ikusi ahalko dira Gasteizeko kaleetan.
Noiz, non eta zer jakiteko hemen begiratu.



