MUSIKA

Kai Nakai eta Nøgen taldeek kontzertua eskainiko dute, Plentzian

Asteburu honetan kontzertu interesgarria izango da Plentziako eskolako patioan Kai Nakai Eta Nøgen taldeekin, Euskaraz Blai Astearen baitan.

Iratxe Aguilerak Durangoko Azoka Sormen Beka irabazi zuen, Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak emana. Handik sortu zen Kai Nakairen lehen diskoa: Baimenik Gabe. Lan hori bederatzi abestik osatzen dute, dantzarako zein erreibindikatzeko letrak dituztenak.

Bertan euskarazko reggaetoia bezalako erritmo berritzaileak proposatzen ditu. Kaik genero musikal hau euskaraz egitea defendatzen du, gazteei gustatzen zaielako eta Euskal Herrian hutsune bat badagoelako. Bestalde, genero horrek berarekin dakartzan estereotipo guztiei aurre egin nahi die, kolektibo bakar bat ere baztertzen ez duten letrak eginez eta matxista ez den reggaetoia egin daitekeela erakutsiz. Eta gainera, betidanik gizonek osatutako reggaetoia emakumeek ere egin dezaketela aldarrikatu nahi du.
Hala, lanaren bidez, genero-rolei aurre egitea, ahalduntzea, mota guztietako harremanak bizitzea, baita handinahia izatea eta arrakasta lortzea bezalako gaiak jorratu nahi izan ditu.

Folk eta rock doinuak nahasten dituen Under alt diskoko kantak haizatuko ditu besteak beste, Nogen taldeak. Talde gipuzkoarra duela bost urte sortu zen, eta bertan, Jokin Guilisagasti, Olatz Cuevas, Markel Idigoras, Alex Irazusta eta Eider Saez daude. Lys izeneko lehen diskoa 2017 urtean kaleratu zuten, eta bigarrena Liv til doden izan zen. Iaz, urte amaieran, lehen aipatutako Under Alt argitaratu zuten.

Ikuskizunetara joan nahi duten pertsona guztiei gogorarazten zaie maskara nahitaez erabili beharko dela, eta indarrean dauden gainerako osasun-neurriak errespetatu beharko direla.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button