IKUS-ENTZUN

“24h de la vie d’un clown” film laburraren estreinaldia BilboArten gaur, Jean-Pierre Melville zinegilearen zikloan

Gaur hasita urriaren 11ra bitartean, Jean-Pierre Melville zinegile frantziarra izango da protagonista BilboArten ondu den zine zikloan.

Bi proiekzio ikusteko aukera egongo da gaur 19:00etatik aurrera.  Lehena, Sous le nom de Melville (2008), Jean-Pierre Melvillen bizitza eta filmografiari buruzko dokumentala da. Bertan, artxibo irudiekin osatuta, beste zinemagile batzuekin gauzaturiko elkarrizketak (Johnnie To, Masahiro Kobayashi, Bertrand Tavernier), zein Melville beraren hitzezko eta haren pelikuletako zenbait pasarte kontatzen dira.

Ondoren, 24h de la vie d’un clown, 1946an egindako bere lehen film labur eta bakarra eta argitaratu gabekoa da.  Melvillek berak testualki aitortu zuenez, ez zuen nahi izan bere “lehen zirriborro pertsonal hura kajoitik atera zedin”. Orain ikusi ahal izango dugun 18 minutuko lan honetan, “Beby pailazo profesionalaren egun baten aurkezpena da: oroitzapenak, lana, eta bere egunerokotasuna islatzen dituena”, antolatzaileen esanetan.

Bihar ostirala  irailaren 28an, Le silence de la mer (1949), okupatutako Frantzian oinarritzen den drama beliko bat proiektatuko da, ofizial alemaniar bati ostatu ematera derrigortuak dauden familiako bi kide protagonista harturik. 88 minutuko film hau, urriaren 9ean, asteartean berriro proiektatuko da. Biak hala biak 19:00etan.

Urriak 1, astelehenean, zinema beltza gustuko dutenen hitzordua izango da. 1955ean errodatutako ‘Bob le flambeur’ 101 minutuko filma eskainiko da. Melvillek berak aitortu zuen bezala, ‘Paris hiriari egindako amodio gutun’ bat da. Bertan, “atsekabeturiko heroi bat bere bidea zabalduz doa estiloz beteriko Pariseko azpimunduan barrena, jaka dotoredun eta arrakastarik gabeko jokalari eta gizon sotil baten ohorearekin”.  Filma, urriaren 9an ere ikusteko aukera egongo da, 19.00etan.

 Urriaren 3an eta 10ean, 18:30etan, ‘L’Armée des Ombres’, 1969an errodatutako drama izango da ikusgai, 1942an Frantzian, nazien okupazio garaian girotutako drama. Eta azkenik, Urriaren 4 eta 11an, 18.30etan ere, ‘Le Cercle Rouge’ (1970) filmaren proiekzioa,  zinema beltzaz gozatzeko parada beste behin ere, komisario eta kriminalen pertsonai beldurgarrien bitartez.

Urriak 5ean, ostirala, berriz proiektatuko dituzte, Sous le nom de Melville eta 24h de la vie d’un clown 17:30ean. Eta ondoren, 19:00etan, zinemagilearen inguruan ‘Melville, Melville…’ izenburupean,  hitzaldi-solasaldia egongo da Norberto Albóniga Buruaga Bilboko FASeko kide eta zinema kritikariaren eskutik. Doan izango da aretoa bete arte.

 Informazio osoa hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button