
Abuztuan, Bilboko Aste Nagusiaren barruan, bilbotarrek eta hiria bisitatzen duten guztiek euskal dantzaz, herri kirolez, Erraldoi eta Buruhandiez, eta bertsolaritzaz gozatzeko aukera izango dute egunero.
Egunero 10:00etan puntual, herriko goizak esnatuko dituztenak txistulariak eta gaiteroak izango dira. Ondoren, Bilboko Aste Nagusiko altuera handiko beste protagonista batzuek hartuko dute lekukoa, Erraldoiek eta Buruhandi bihurriek. Pertsonaiek, egunero, 11:00etatik aurrera, ibilbide desberdin bat egingo dute Pasoen Museotik abiatuta. Pertsonaia horien egun handia abuztuaren 27an, igandea izango da, 10:30ean, Euskadiko hainbat herritatik iritsitako Erraldoien XXXI. Kontzentrazioarekin. Musika doinuekin, Plaza Biribiletik abiatuko dira 10:30ean.
Goizetan ere Herri Kirolen erakustaldien txanda ere izango da. Eta emakumeak eta gazteak ikusarazteko helburuarekin, abuztuaren 23an, asteazkena, Emakumeen Herri Kirolen Eguna izango da. Pilota erakustaldiak eta estropadak ere bertan izango dira.
Eta bertsolariak ez dira faltako. Lehenengo mailako figuren bertso-saioak Santiago plazan izango dira egunero, 13:00etan. Hala, hilaren 20an, Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi, Oihana Iguaran eta Igor Elortza arituko dira. 21ean, Ez Da Kasualitatea bertso-saioa egingo dute Oihana Bartra, Miren Artetxe, Alaia Martin, Araitz Bizkai eta Oihana Landa bertsolariek; 22an, Maialen Akizu, Eneko Lazkoz, Adoni Egaña eta Onintza Enbeitia arituko dira, eta hurrengo egunean Bertso-Bazkaria antolatu da Arkaitz Estiballes eta Nerea Elustondorekin; 24an, Miren Amuriza, Sutrai Colina, Peru Abarrategi eta Julio Soto arituko dira; 25ean, Aitor Mendizule eta Unai Iturriaga; 26an, Nerea Ibarzabal, Ibon Ajuria, Saioa Alkaiza eta Aner Peritz, eta azkenik, 27ko protagonistak, Maialen Lujanbio, Xabat Galletebeitia, Amets Arzallus eta Eli Pagola izango dira.
Eta nola ez, erromeriak, larrain-dantza eta alardeak izango dira Bilbon, abuztuaren 20tik 27ra arte.