MUSIKA

Mikel Urdangarin kantariak “Izurdeen Lekua” aurkeztuko du Euskalduna Jauregian

Asteburu honetan, abenduak 26 eta 27, Mikel Urdangarin kantariak bi kontzertu emango ditu Euskalduna Jauregian, Izurdeen Lekua bere azken lana aurkezteko.

Duela hiru urte kaleratutako Margolaria azken lanaren ondoren Mikel Urdangarinek Izurdeen lekua lan berria plazaratu du. Azken bi urteetan sorturiko melodiak biltzen ditu disko berriak. Proposamen berria kantari zornotzarraren estudioko 15. lana da.
Izurdeen lekua hamaika abestik osatzen dute, eta kantu baino gehiago hamaika paisaia, hamaika ebokazio bildu ditu sortzaileak. “Kantuz kantu unitate bakarra bilatzen duen lana, lehenengo piezarekin hasi eta hamaikagarrenarekin bukatzen den lan oso bat, alegia. Soinu banda batetik disko batetik baino gehiago daukana”. Letrak Urdangarinek berak sortu ditu baina Harkaitz Canoren eta Kirmen Uriberen ekarpen bat ere badago.

Lanaren izenburua, Izurdeen lekua, pandemia garaian bizi izandako esperientzia batetik dator. Maiatz hasieran Ondarruko Atxazpitik hurbil izurdeak agertu ziren, herritarron harridurarako. Urdangarinek honen inguruan hausnartu zuen, “izurdeak haien ingurune naturalean baitzeuden eta garai hartan gizakiok baikinen galdu samar geundenok. izurdeak beren lekuan zeuden eta gu, ostera, gure lekutik kanpo. Izurdeak, gure kaleak eta parkeak okupatu zituzten hainbat piztiekin batera, askatasun ikur bilakatu ziren”.

Izurdeen lekua lana Euskalduna jauregian emango duen kontzertuan aurkeztuko du egileak asteburu honetan. Egun horretarako emanaldi berezia prestatu du Urdangarinek, okasiorako bereziki sortutako ekoizpen bisuala egingo du, diskoa den soinu bandaren bidaide eta, aldi berean, oholtzan gertatuko denarekin fusionatuko dena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button