
Beasainen jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioan Jon Maia izan zen onena. Horrek esan nahi du Maia zuzenean sailkatu dela urriaren 31n Zestoan jokatuko den final laurdenetako saiorako. Maiaren atzetik, Ane Labaka eta Iñigo Mantzizidor Mantxi sailkatu dira.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak asteburu honetan izango du segida, eta gainera bi saio jokatuko dira; larunbatean, Azpeitiko Soreasu antzokian Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal elkartuko dira. Igandean, berriz, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean Aitor Irastortza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia bertsolariak lehiatuko dira.
Bi saioak 17:30ean hasiko dira.