LITERATURA

Joxan Oiz Arrutik irabazi du VII. (H)ilbeltza beka

Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko VII. (H)ilbeltza beka Joxan Oiz Arrutik irabazi du Zorigaiztoko proiektuarekin. Irabazleari 3.000€ emango zaizkio orain eta beste 3.000€ lana akitzerakoan. Beka horren xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten, VII. edizioan, narratiba idazteko beka egokitu da.

Lehenbiziko edizioan Miel A. Elustondok irabazi zuen sormen beka eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta aurkeztu zuen Josu Barambonesek. Hirugarrenik, Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka, eta Sotoan gordeak plazaratu zen. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen Massimo Carlottoren Agur maitea lana italieratik itzultzeko. Bosgarren beka Eneko Barberenak irabazi zuen Suak erreko ez balu lanarekin. Azkenik, iazko deialdian saritu zen Beñat Irastorzaren lagina, Fred Vargasen Debout les morts euskaratzeko.

Aurtengo edizioan, diogun moduan, Joxan Oiz Arrutik irabazi du Zorigaiztoko proiektuarekin. Horrela erabaki du Joseba Otondo, Eneko Barberena, eta Garazi Arrula Ruiz adituek osaturiko epaimahaiak, lanari buruz honako hau aipatu duena: “XIX. mende hasierako Donostian kokatzen da lan irabazlea, eta laginean nabari da idazleak dokumentazio lana eta garaiaren prospekzio ariketa bat egin duela. Epaimahaiak uste du iradokitzailea dela abiapuntua eta garai soziala eta, horrez gain, kasu honetan ukitu historikoa kritika sozialarekin uztartzea nobela on baten abiapuntu izan liteke. (H)ilbeltza bekaren parametroekin bat egiten duela uste du, beraz, epaimahaiak, eta hizkera landua erabiltzeak indartu egiten du proiektua. Zoriondu nahi dugu irabazlea eta baita epaimahaiaren lana zaildu duten gainerako proiektuak ere.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button