LITERATURA

“Joxan Artze gogoan” ekimena, Usurbilen

Jexux Artze Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolatuta, urtarrilaren 15ean, 18:00etan, eta herriko Mikel Laboa plazan, Joxan Artze gogoan ekimena abiatuko dute, hil zeneko 4 urteurrena bete delako.

Arratsalde osoko omenaldi-egitaraua izango da, eta bertan, Balea Zuria argitaletxeak Joxan Artzeren poemekin osaturiko Enborretik antologia aurkeztuko du.
Joxan Artze gure poeta esanguratsuenetariko eta maitatuenetako bat da. Gai ugari jorratu izan ditu, hala nola, herria eta geure kulturaren aitorpenari dagozkionak, naturaren oihartzunari buruzkoak, gizakiaren ñabardura ezberdinak, joera mistikokoak… Betiere hizkuntza dotore eta landu baten bidez, lerro bakoitzean argitasuna eta distira lortuz. Xume baina sakon.
Poeta izateaz gain, kantua ere menderatzen zuen, eta bien arteko talkan gure sustraien ttakun‐ttakuna berreskuratu zuen. Nabaria da hori bere hitzetan eta bere hitz‐jokoetan, non musikaltasuna eta erritmoa nagusi diren. Haren poesia keinuz, zehaztasunez eta apuntez josita dago. Aski ezagunak ditugu, halaber, Laboaren ahotsean ezagun egin ziren haren zenbait testu: Txoria txori, Maite ditut maite gure bazterrak… Zalantzarik gabe, gure kultur ondarean eta iruditerian luzerako geratuko da iltzatuta:
Enborretik antologiak omenaldia egin nahi dio Usurbilen jaiotako poetari haren heriotzaren laugarren urteurrenean. Hain zuzen ere, Usurbilgo udalaren laguntza eta babesa jaso ditu edizio honek, eta asmoetako bat poeta bere herrian bertan omentzea da.

Lehenik eta behin, Enborretik antologiaren aurkezpena egingo da 18:00etan, Mikel Laboa plazan, antologia apailatzeaz arduratu diren Balea Zuriako kideekin. Eta ondoren, 19:00etan, Oskarbi taldeak kontzertu berezia eskainiko du Sutegin. Ez dok Amairuren ernamuinak Artzeren idatzi asko musikatu ditu. Kantu horiekin zein euren ibilbideko eta azken diskoko sorkuntzekin osatuko dute emanaldia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button