MUSIKA

Jotakie eta Joseba B. Lenoir Gang, Azkoitiko Matadeixen

Azkoitiko Matadeixeren 20. urteurrenaren harira egindako ekitaldien baitan, larunbatean kontzertu berezia izango da, 80ko urteetako Jotakie pop bandak joko baitu bertan, 22:30etik aurrera. Urolakoekin batera, Joseba B. Lenoir Gang arituko da. Joseba Balaztenak eta bere bandak Begietara so izenburuko lan berria aurkeztuko dute.

Jotakie 80ko punkaren eztandarekin eratu zen, baina joera popzale nabarmenarekin. Taldearen lehenengo kantuak Kortatu, Cicatriz eta Kontuz Hi! taldeekin partekatutako bilduman plazaratu zituzten, 1985ean, tartean, Burrandaie doinua. Guztira, iraupen luzeko hiru lan kaleratu zituzten, Zurt (Soñua, 1986), Piztu nazazu jauna! (Oihuka, 1987) eta Joxema beltza (Oihuka, 1989), eta bilduma bat, Barrenetik 1981-1990 (Oihuka, 2001). Haien diskografian kantu ederrak grabatu zituzten, esaterako, Zurt diskoan jasotako Gaueko historiak. Hainbat urtez isilik egon ondoren, azken hilabeteetan kontzertu bakanak egiten ari dira.

Joseba B. Lenoirren lan berria, Begietara so, orain arte argitaratu duen lan anitzena da. Lenoirren hitzetan, “askotarikoa da, eta gustuko dut horrelakoa izatea, izan ere, gustuko ditut disko anitzak, baina kantuen artean lotura bat dagoenean. Diskoa koherentea da, bere osotasunean”, azaldu du Berakoak. Heterogeneotasun hori lortzeko estilo ezberdinak jorratu ditu: soula dago, rock, garage-rock, fuzz gitarrak… Pop kantuak ere badira, doinuok zikintzen saiatu naizen arren; egungo soinuak ere sartzen saiatu naiz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button