MUSIKA

Iparragirrek Donostia bisitatuko du

Gontzal Mendibil kantariak Iparragirre 200 urte izeneko emanaldia burutuko du ostiralean, hilak 12, Donostiako Imanol Larzabal aretoan, 19:00etan hasita.

Iparragirre emanaldi horretan (200 urte dira Iparragirre jaio zela) haren bizitza kontatu eta kantatuko dute oholtza gainean bilduko diren arizaleek, tartean Angel Unzu (gitarra), Iñaki Dieguez (akordeoi) eta Ainhoa Tabuyo (ahotsa).

Ez da bizitza makala kantariarena, lehen gerra karlistan soldadu, gero Europan zehar, eta Ameriketan egin izan zituen urte mordoak,… Hortaz, berak bizi izandako gorabeherak kontatu eta kantatuko dituzte.
Dakigunez, Iparragirreren ospea, batik bat, berak sortutako Gernikako Arbolarekin etorri zen eta kantu sinbolikoaren lehen notak, Bilbon eman zituela esaten da. Gero, Tolosan kartzelaratua izan zen, bai eta  Euskal Herritik desterratua ere, eta Ameriketan 19 urte luze igaro zituen. Baina Euskal Herrian hezurrak uzteko azken gogoa bete zuen.

Iparragirrek abesti eder eta mitikoak sortu eta abestu zituen, gaur egun garrantzi handiko legatua direnak euskal musikaren historian. Urretxuko bardo ospetsua jaio zeneko bigarren mendeurrenean, Gontzal Mendibilek berriro ere hartuko du haren rola emanaldi berezian.

Arriaga antzokian ere estreinaldi ederra burutu zuen Mendibilek, eta berarekin Marife Nogales, Maitane Salvador, eta Ainhoa Tabuyo kantariek ere. Hartan, Gorka Hermosa, akordeoilari ezaguna eta Alberto Rodriguez gitarran aritu ziren. Eta horiez gain, Bilboko Musika Banda eta Bilboko Koral Elkartea ere izan ziren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button