MUSIKA

Joseba B. Lenoirrek Bilboko Euskararen Etxean joko du gaur

Joseba B, Lenoir ezizenaren atzean Joseba Baleztena (1984, Bera, Nafarroa) dago, Euskal Herriko musikari ipurterreenetakoa. Gitarra-jotzaile bikaina, gaur, Bilboko Euskararen Etxean izango da, 19:30etik aurrera. Azkue Fundazioak ondu du ekitaldia, Nontzeberri webgunearen lankidetzan.

Herriko lagunekin batera eratutako SextySexers taldean eman zituen Josebak lehenengo urratsak. Hard-rock talde horrekin bi disko argitaratu zituen, Urkamendi Blues (2007, Gaztelupeko Hotsak) eta Hero Mantra (2009, Volcom Entertainment). Taldea desegin, eta Musikari nafarrak bere bakarkako ibilbidea jorratzeari ekin zion, folk eta blues pasarte instrumentalak grabatuz, Inside Instroak (2012). Harrezkeroztik, makina bat disko grabatu eta argitaratu ditu, tartean, Tempesta (2013), zeinak nahikoa oihartzun izan zuen. Grabazio hori Felix Buff (Willis Drummond) bateria-jotzailearekin batera egin zuen. Lan horretan ja ahotsak sartu zituen, eta rock patroi klasikoetara hurbildu zen.

Iaz grabatu zuen Josebak bere lan berriena, Eguzkiari begietara so. Lenoirren lan berria orain arte argitaratu duen lan koloretsuena da. “Askotarikoa da, eta gustuko dut horrelakoa izatea, izan ere, gustuko ditut disko anitzak, baina kantuen artean lotura bat dagoenean. Diskoa koherentea da, bere osotasunean”, azaldu zuen Berakoak diskoaren aurkezpen-ekitaldian. Heterogeneotasun hori lortzeko estilo ezberdinak jorratu ditu: soula dago, rock, garage-rock, fuzz gitarrak… Pop kantuak ere badira, doinuok zikintzen saiatu naizen arren; egungo soinuak ere sartzen saiatu naiz”.  Horrekin batera, Rolling Stones eta Jimi Hendrixen itzala aipatu zituen.

Josebak, gainera, bestelako proiektuetan ere parte hartzen du: egun, Willis Drummond eta Sumision City Blues taldeetako kide finkoa da, eta Izaki Gardenak taldean ere ibilitakoa da, bai eta Rafa Berrio musikari donostiarrarekin ere.

Ez dakigu zelan eta norekin etorriko zaigun Joseba Euskararen Etxera, baina ziur gaude sorpresa itzela hartuko dutela bertaratuek, izan ere, iazko udan, Bermeoko Oilo Pop jaialdian ikusi genuen bakarka, gitarra akustikoaren laguntzaz, Eguzkiari begietara so diskoan bildutako hamaika kantu moldatzen, dotoreziaz eta energiaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button