MUSIKA

Señor No eta Aterkings taldeek Ron Asheton eta The Sonics omenduko dituzte

Izar & Star ekimenean parte hartzen duten talde eta artistek euren talde edo disko kutunen kantuak moldatzen dituzte kontzertu ikusgarrietan. Ziklo horretatik hainbat talde pasatu dira euren ekarpenak haizatzeko: Rukula, Capsula, Mursego, Txuma Murugarren, Lou Topet eta Last Fair Deal, besteak beste.

Bada, ostegunean, “energiaz betetako” ekitaldi berri bat iragarri dute egitarauaren arduradunek, Bilboko Kafe Antzokian: Señor No taldeak The Stooges taldeko gitarra-jotzaile Ron Asheton omenduko du, Sumision City Blues taldeko Joseba B. Lenoir eta & Pela-ren laguntzaz.
Emanaldi berean, Aterkings taldeak 1960ko hamarkadako The Sonics bandaren errepertorioa txikituko du. The Sonics garage-rock estiloaren aitzindari basatiak dira.

Izar & Star zikloaren arduradunek, halaber, iragarri dute apirilaren 28an beste hitzordu bat izango dela: Malcolm Young Highway to Hell. AC/DC talde mitikoan aritzen zen eta oraintsu hildako Malcolm Young gitarra-jotzaileari gorazarre egingo die makina bat musikarik: The Riff Truckers, Eneko Mobydick, Last Fair Deals eta emanaldirako propio eratutako taldea, Malcomers Than Youngers. Azken horretan maila handiko musikariak arituko dira, tartean, Hot Dogs, La Perrera edo Las Furias taldeetan ibilitako kideak.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button