Susa literatura argitaletxearen eskutik, Jon Benitok Bulkada poema liburua kaleratu zuen joan den urtearen hondarretan. Urte dezente pasa dira Aingurak erreketan (2001) lehen poema liburua argitaratu zuenetik. Egin dugunaz eta egin ez dugunaz aritzen da, besteak beste, lan berri, txukun eta interesgarri honetan. Gehiago jakin nahi izan dugu eta hona hemen egileak kontatu diguna.
Nola eratu da Bulkada liburua? Noiz erein zenuen lehen hazia?
Duela hiru-lau urte hasi nintzen libururako lehen testuak idazten. Orduan ez nuen Bulkada izango zenaren asmo egituraturik: idazteagatik idaztea zen. Ez ahazteko, gordetzeko, eskua galdu ez nuela frogatzeko, kontatzeko… Beroaldi batean dozena bat poema egin nituen, baina, gelditu, eta ia ezer idatzi ez nuen desertu luzea etorri zen gero. Ia idatzi ez nuen garai hartan zehaztu nuen Bulkada egiteko asmoa: une horretan, idazten baino denbora gehiago eman nuen ordura arte idatzitakoa ezabatzen eta liburua izango zena edo izatea nahi nuena egituratzen eta pentsatzen.
Aingurak erreketan hartatik hona denbora dezente pasatu da, baina zure historia narratu nahi izan duzu premeditazioz orain? Zergatik ez lehen lan hartan?
Liburua idazten ari nintzela, banuen, Bulkada, nolabait, Aingurak erreketan-en aurka idazten nuenaren sentipena. Aingurak erreketan, modu batera, urtetan egindako poemen bilduma bat zen; Bulkada, kontrara, egituratuagoa da: banekien zer idatzi nahi nuen, eta bereziki, nola idatzi nahi nuen. Banekien nire oso antzekoa zen subjektu bat sortu nahi nuela, bere belaunaldian gertatu ziren gertakarien kronika “intimo” bat egingo nuela, ahalik eta baliabide literario erretoriko gutxien erabiliko nituela, hitzei beldurrik gabe gauzak adierazi nahi nituela… Hori lehen liburuan egitea ezinezkoa zen, zer etorriko nengoelako, eta Bulkadan, aldiz, posible izan da, idaztekoaren bila atera naizelako, premisak ondo zehaztuta.
Denbora luze honetan literaturarekin harreman estua mantendu duzu. Horrek baldintzatu du lan berria?
Jakina baldintzatu duela. Sautrelarako lan egiteak euskal literatura jarraitzeko aukera eskaini zidan alde batetik, eta igandetan Berriarako egiten dudan munduko literaturaren jarraipenak, bestalde, urtetan idatzitako lanetara gerturatu nau, izan klasiko edo gaurko, abangoardia edo narrazio. Denetik jaso dut zerbait, eta, esango nuke, inplizituki agertzen direla urtetan irakurritako liburu guztiak (gustatu izan zaizkidanak bederen) Bulkada-ko poemetan. Baina bereziki kontu batek baldintzatu nau. Igandero, Berriarentzat artikulu bat idaztera jartzen naizenean, egile hori nondik abiatzen zen jakitea gustatzen zait. Berdin idazten ote du, baldintza berberetan, helburu berarekin, baliabide antzekoekin ,AEBetan unibertsitateko irakaslea den batek edo Angolan deskolonizazio gudetan nahasia dagoen beste batek? Berdin idazten al da aspaldi eta orain? Helburu berberekin? Eta galdera horri jarraiki, nola idatzi behar nuen nik liburu bat, poemena, XXI. Mendean, Euskal Herrian? Hori zen liburua egiten ari nintzela nire baitan nuen galdera.
Antzeman daitekeenez oso lan antolatua eta egituratua izan da. Horixe izan da zure kezka nagusia?
Nire kezka nagusia poema emozionanteak egitea izan da. Zentzu horretan, liburuak egitura bat izateak, denboran zeharreko garapen bat izateak, sortu nuen subjektu horri kontraesanak eta galderak azaleratzeko aukera emateak, emozio hori sortzen lagun ziezadakeela pentsatu nuen. Liburuari antolaketa narratiboago bat emanez, irakurlearen identifikazioa errazagoa izango zela eta abar… Antolaketak kezkatu nau, bai, baina antolaketa horrek, helarazi nahi nuena bideratzen lagunduko zidala pentsatzen nuelako.
Irakurle zehatz bati eginiko lana da? Hau da, kontzienteki izan duzu balizko pertsona hori zure poemak irakurtzen?
Liburua argitaratzean nik hau irakurtzeko modu ezberdinez, irakurketa ezberdinez, izan dezakedan kontrol oro galdu dut. Durangon Susa argitaletxearen standean egon nintzenean, harritu egin nintzen, zentzu batean, espero ez nuen jende batek nire liburua erosten zuela ikustean. Nik, nire belaunaldi inguruko jendea nuen buruan liburua idazterakoan: nire antzeko gertakariak bizi izan dituena, nire antzeko erreferentzia sozial eta kulturalak dituena… Baina interesgarria, intrigantea eta aberasgarria zait, oso, buruan izan ez dudan beste jende horren irakurketa ere.
Era berean, esan genezake biluztu egin zarela liburuan, egilea dela protagonista edota egilea bezalakoa den beste bat, ezta?
Benetan biluztu banintz lotsatuta nengoke eta liburuarekin nahikoa gustura nago. Lehenago aipatu bezala, nire antzeko subjektu bat sortu nahi nuen, ni naizenetik duena baina nik izan nahi nukeenetik ere baduena, bereziki. Nik, pentsatu nuen, emozioa bilatuko lukeen poema liburu bat egin nahi banuen (berdin zait hunkigarria, negargarria edo harrigarria), subjektuak hezur-haragizkoa izan behar zuela. Eta hezur-haragizkoa izateko, ahal bezain erreala izateko, nigandik, naizenetik, nintzenetik eta izan nahi eta ez naizenetik abiatu behar nuen.
Deskripzioak nagusi; korapilo gabeko hiztegi zuzena; agian antzinako gazte haren freskura hura ez ahazteko keinua?
Kontzienteki hartu nuen horrela idazteko (modu sinplean, hitzei beldurrik gabe) erabakia. Gauza konplikatuei buruz modu oso sinplean idatzi zitekeela erabaki nuen, sentimenduez aritu zitekeela arrazoiaren galbahetik pasatuta, modu zorrotz eta hotz batean. Gehiegikeriarik gabe. Horretan saiatu naiz: kontzienteki eta modu arrazionalean emozioetara iristen. Neure buruari mugak jarriz, zer aurkitu nahi nuen argi izanez eta, sarritan, forma ezberdinekin jolastuz. Baina ez naiz, zer otuko zitzaidan zain egon, ez naiz “inspirazioa” etorriko leiho ondoan jarrita itxaroten geratu; arkitekto batek bezala egin dut etxearen ideia eta, obra egikaritu dut gero, igeltseroak astero-astero egingo lukeen modu berean.
Inon esan duzu “esan ez denaz, bete ez diren ametsez edota frustrazioez” hitz egin nahi izan duzula lan honetan.
Pentsatu nuen, idazten ari nintzela, subjektuez eta pertsonez ari garenean, garrantzia gehiegi ematen zaiela egin diren gauzei, “errealitatea” deitzen zaionari. Biografiak egindako gauzen zerrendatze bat bezala dira, baina, nago, gure nortasuna egiten ditugun gauzez bezala, gure porrot, sekretu eta frustrazioez ere elikatzen dela. Iruditzen zait, porrot, sekretu eta frustrazio horiek asko esaten dutela norberaz, nahiz ez diren sarritan publikoak edo jendeak jakinak. Eta iruditzen zitzaidan, gertakarien zerrendatzea baino, subjektuak, aritu behar zuela, salatu behar zuela, bere porrota eta frustrazioa ere.
Zein harrera izan du liburuak? Nola gelditu zara zu?
Liburuaren harrerari dagokionez, ez dakit zer esan: ez dut salmenta daturik. Dena den, hori baino gehiago axola zait, nik neure buruarekin hartutako konpromisoa bete izana. Buruan nuen liburuaren zatirik handiena idatzi dut. Gustura nago zentzu horretan. Orain irakurlearen txanda da.