Argazkiak, ilustrazioak, musika eta kantuak konbinatzen dituen obra honen bitartez, munduko bazterretan dagoen errealitatearen berri eman nahi da. Jon Arretxe idazlearen, Francisco Ibañez konpositorearen eta Cristina Fernandez ilustratzailearen ekarpenak biltzen dituen lana da 7 Kolore disko-liburua.
Lan honetako testuetan idazleak egindako hamaika bidaietan bizi izan dituen esperientzia berezienak biltzen dira, eta sentimenduka sailkatu dira, kapitulu bakoitza kolore baten esanahiari lotuz.
Zazpi dira atalak: beltza, grisa, horia, gorria, berdea, urdina eta zuria. Beltzak eta zuriak, hurrenez hurren, ibilbidearen hasiera eta amaiera markatzen dituzte, eta agerian uzten dute zein desberdina den heriotzaren ikuspegia kultura desberdinetan.
Egoera gogoangarri asko daude, batzuk tristeak, beste batzuk pozgarriak, edo beldurgarriak, edo esperantzatsuak…
Pertsonak dira nagusi narrazioetan, hamaika mundutako biztanleak, zerbait kontatu edo erakutsi beharra daukatenak, edo euren begirada hutsez unibertso oso bat adierazten dutenak.
Baina narrazioez gain bestelako osagarriak dakartza 7 Kolore honek. Izan ere, atal bakoitzari koloreak eta marrazkiak erantsi dizkio Cristina Fernandez ilustratzaileak, eta Francisco Ibañez konpositoreak zazpi kanta sortu ditu piano eta ahotserako, interprete hauekin: Iñaki Belasko pianojolea, Olatz Saitua sopranoa, Enrique Campos tenorea eta Jon Arretxe baxua.
7 Kolore obra berria hirukoitza da, azken finean: idazle baten, ilustratzaile baten eta musikagile baten elkarlanaz sortutakoa.
Ereinek bidalita