LITERATURA

Jon Arretxek “Tangerko Ametsak” aurkeztuko du Gasteizen

Asteazkenean, hilak 22, Jon Arretxek Tangerko Ametsak eleberria aurkeztuko du Gasteizko Arka Kalean dagoen Casa del Libro dendan. Hitzordua 19:00etan izango da. Arretxek musika eta diapositibak erabiliko ditu ekitaldian.

Jon Arretxek nobela beltza, intriga eta bidaietako literatura uztartzen ditu ardurenean. Duela gutxi Tangerko ametsak (Erein) lana publikatu du eta kasu honetan intriga ere ageriko zaigu baina honekin batera, immigrazioaren trantzeak, miseriak, gogortasunak eta abar.

Berak aipatu bezala,“Tangerrera kasualitateak, patuak eraman ninduen, baina uste dut oso hiri interesgarria dela horrelako nobela baterako”, eta seguruenik han ibiliko zen, terrazetan jesarrita, jendeari begira, te bero baten aurrean. Izan ere, Maroko herri itzela ezagutu zuenetik, harreman berezia gorde du harekin.

Tangerko ametsak nobela beltza da, baina genero honen ohiko ezaugarriak bidaiarekin konbinatzen ditu. Ohi duen bezala, Jon Arretxe idazleak toki kilikagarrietara eramango gaitu bere obrarekin, bai geografiari bai kulturari dagokionez. Lehenago Lisboara eraman gintuen Fatum-ekin (2008); eta gero Istanbul, Kurdistan eta Munichera Xahmaran-ekin (2009). Oraingo honetan Bamako eta Tangerren artean gauzatuko da trama, Afrika Beltzaren eta Europako kosta begi bistan daukan hiri marokoarraren artean. Eta hiri eder horretako kaleen galtzada-harri gogorraren kontra tupust egingo dute hainbat lagunen ametsek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button