LITERATURA

“Jokin Zaitegi” saria Juan Mari Agirreurretarentzat

Juan Mari Agirreurreta pasaitarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa. Halaxe erabaki du Luigi Anselmi, Santi Leoné eta Joseba Ossa idazle eta itzultzaileek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko hamahiru lanen artean.

Iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Tomas Tranströmer idazle suediarraren poesia osoa euskaratu beharko du Agirreurretak; horretarako zenbait zubi-hizkuntza erabiliko ditu, eta suedieradun zenbaiten laguntza zuzena izango du.
Liburu itzulia 2012 honetako amaiera baino lehen emango du argitara Elkar argitaletxeak.

2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta geroztik  lan dezente itzuli dira, ahal nola, Zoririk ez (Imre Kertesz), Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk (Harold Pinter), Elurra (Orhan Pamuk), Pantaleon eta bisitariak (Mario Vargas Llosa) eta abar.

Juan Mari Agirreurreta Elosegi (Pasai Donibane, 1977) Euskal Filologian lizentziatua da eta Frantses hizkuntzako irakaslea. Victor Hugoren Kondenatu baten azken eguna itzuli du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.