MUSIKA

Gatibuk iazko urtea borobiltzen duen DVDa argitaratu du

Zuzenean bizitzeko gogoa DVDa gaur aurkeztu du laukoteak Bilbon. Bertan taldekide guztiak izan dira, Alex Sardui abeslaria izan ezik. 2007 eta 2008 urteetan hasi eta 2009 gauzatu zen lanaren emaitza da DVDa, esan du Haimar gitarra jotzaileak. "Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik diskoa aurkezteko egin genuen biran publikoaren erantzuna itzela izan zen".

Hortaz, bira horretako zuzeneko irudiekin josiriko DVDa egitea bururatu zitzaien. Kalitateko lana egiten saiatu direla esan du gitarra jotzaileak. Horretarako lau kontzertutako irudiekin landu dute ikus-entzunezko lana, "aspergarria izan ez dadin", Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan jasotakoak, Gernikako jaietakoak eta Durangoko Plateruena aretoan eskainitako kontzertukoak. Soinuari eta irudiari dagokienez, ez dute aldaketa handirik egin, masterizazioan eta nahasketan ukitu txiki batzuk egin arren. "Akatsak ikusi eta entzuten dira, baina horrek xarma puntua ere ematen dio, errealitatea islatzen baitu, isla zintzoa eta garbia da". Emanaldietako irudiak ez ezik, klipak eta elkarrizketak ere biltzen ditu DVDak.

Zuzenean bizitzeko gogoa lanak, gainera, hiru kantu berri gordetzen duen CDa ere badakar. Kantuok formazio berriarekin grabatu dituzte. Izan ere, hemendik aurrera eskainiko dituzten kontzertuetan seikote gisa aterako dira, gitarra jotzaile berriarekin eta perkusionistarekin. "Soinu aberatsagoa dute, klasikoagoa, baina ñabardura gehiagorekin", esan du gitarra jotzaileak. "Zuzeneko freskoagoa eskaintzeko, eta gu ez aspertzeko sartu ditugu", gaineratu du. Taldea Durangoko Plateruena aretoan izango da Gatibu abenduaren 5ean kantu horiek aurkezten.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button