ARTEA

Jesus Lasterraren grabatuei buruzko erakusketa, Iruñean

Nafarroako Museoak Jesus Lasterra (Madrid, 1931 – Iruñea, 1994) artistaren grabatuei buruzko erakusteka aurkeztu du iragan azaroaren 20an. Ikusgai dauden obren artean, Castro Gil saria jaso zuen 1968ko Carnaval de Lanz lana dago. XX. mendeko grabatzaile azpimarragarrienetakoa da Lasterra.

Aipatutako obra saritua ez ezik, El rastro. Madrid (1960),  Estella (1961) eta  Zaldiko y Ziripote (1988) lanak ere bildu dituzte erakusketan; lehenengo biak bere ibilbidearen hastapenetakoak dira; hirugarrena, berriz, bere azken lanetako bat da.

Jose Maria Muruzabal del Solar Arte Historiako doktoreak bi testu egin ditu propio erakusketa honetarako. Horretaz gainera, azaroaren 27an, grabatuaren inguruko hitzaldia ere emango du museoan bertan, 19:30ean.

Madrilen jaio arren, Lasterra Iruñean bizi izan zen, eta 1967 eta 1968 urte bitartean iritsi zen bere heldutasun artistikora, izan ere, garai horretan egin zituen obrarik konplexuenak eta landuenak. Obra horiek egin, eta hurrengo 20 urteetan ez zuen lan gehiagorik egin; halere, 80ko hamarkadaren amaieran tailer bat abiatu zuen bi ikaslerekin, eta tailer horretan egin zituen bere azken estanpazioak, 1988an.

Lasterraren 44 obra jaso dira, gehienak akuaforte teknikarekin eginak, litografia batzuk ere badauden arren; hiru, hain zuzen ere. Bere ibilbidearen amaieran obrak konplexuagoak egin ziren, eta horretarako, bestelako materialak ere erabili zituen, tartean, oihala.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button