Uztailean, Euskadiko Filmategiak, Donostiako eta Getxoko jazzaldien lankidetzarekin, Jazzinema zikloa antolatu du. Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan ematen ari dira filmak.
Lehen aldiz Italiako zinema izango da ardatz Jazzineman. Bi film esanguratsu sartu dira programazioan: Rufufú (I soliti ignoti, Mario Monicelli, 1958) Italiako komediaren adibiderik bikainetakoa, eta bestetik, bihar bertan, Tabakaleran pantailaratuko dena, La notte (Michelangelo Antonioni, 1961), soinu banda berezia duena, Giorgio Gasilinirena.
Film horrek krisian murgilduta dauden senar-emazte batzuen eguneroko bizitzaren erretratua egiten du: “Milanen, ospitalean hil-hurren dagoen lagun bat bisitatu ondoren, Giovanni Pontano idazlea bere azken liburuaren argitalpenagatik antolatutako festara doa. Bitartean, Giovanniren emaztea, Lidia, duela hainbat urte bizi izan zen lekua bisitatzera doa. Gauez, Gherardini jaunaren luxuzko etxeko festara joango dira elkarrekin, eta, han maite-jolasetan hasiko dira: Giovanni anfitrioiaren alabarekin, eta Lidia playboy batekin”.
Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan proiektatuko diren beste filmak honakoak dituzue: Sweet Smell of Success (Alexander Mackendrick, 1957), All Night Long (Basil Dearden, 1962), eta azkenik, Round Midnight (Bertrand Tavernier, 1986). Film horren bidez Jazzinemak Bertrand Tavernier omendu nahi du.
Filmen aurkezpenak Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak, Felipe Cabrerizo idazlea eta historialari zinematografikoak eta Begoña del Teso zinema kritikariak egingo dituzte.