
Azaroaren 28ra arte, Azkuna Zentroak antolatuta eta Bilboko Golem Alhóndiga zinemetan, Mangatik Zinemara zikloa egingo da. Guztira zazpi film proiektatuko dira. Atzo bertan abiatu zen ekimena Toshiya Fujita zinemagilearen Lady Snowblood pelikularekin.
Japonia Fundazioarekin lankidetzan antolaturiko zikloak mangatik egokitutako live action filmak ditu ardatz, eta azken hamarkadetako ikus-entzunezkoen japoniar ekoizpenaren erakusgarri izango dira. Gainera, lan horietako batzuk Tokioko Japan Foundation erakundearen artxiboetatik atera dira eta ez dira orain arte Europako zinemetan erakutsi.
“Pelikula hauek Japoniako gizarte garaikidea, hango kezkak, pertsonarteko harremanak eta eguneroko bizitza azaltzen dute. Hain zuzen ere, ziklo honetako filmek xehetasun eta historia txikiak erakutsiko dizkigute pertsonaien erlazioen bidez, ingurune konplexuak oinarri harturik, kasu batzuetan”.
Ikusiko diren lanen zuzendariak sona handiko egileak dira, hala nola Hirokazu Koreeda zuzendaria, Umimachi Diary (Gure arreba txikia) lanaren sortzailea (2015). Susumu Mitsunakak berriki aurkeztutako Gekijôban Haikyu!! (Gomi Suteba no Kessen) (2024) ere proiektatuko da, ziklo honetako anime-film bakarra eta kalitate tekniko bikaina duelako. Azuma Morisakiren Pekorosu no haha ni ai ni iku (Pecoross’ Mother And Her Days) (2013) filma ere ikusgai izango da. Yuya Ishii zuzendariaren Machida-kun no sekai (Almost a Miracle) (2019) ere zikloaren barruan dago.
Zikloaren programa bi lan hauekin amaituko da: Yuichi Fukudaren Wotaku ni koi wa muzukashī (Love is Hard for Otaku) (2020) komedia erromantikoa, eta Kazuhito Nakaeren Kinō Nani Tabeta? (What Did You Eat Yesterday?) (2021), sukaldaritzarako zaletasuna duen bikote homosexual baten erlazioari buruzkoa.